Harmailetatik: "Entenditzen?"

Jexux Murua 2016ko api. 19a, 17:23

Buruz buru frontoi osoan jokatzen dena da pilotako txapelketetan txapelketa, pilotari guztiek noizbait etxera eraman nahi luketen Txapelaren jokalekua.

Pasa den asteburuan eman dio hasiera  aurtengoak eta larunbatean jokatu zuen Artolak, Donostian.  Iñakik, bi-bitako finalaurreko partida erabakigarrian min hartu zuenetik hilabete zeraman lehiatu gabe. Berak aitortu zuenez, tarte horretan ez zuen entrenamendu pare bat baino gehiago egiterik izan, kontu handiz gainera. Untoria naiararra zuen aurkaria; atzelaria, baina afizionatu mailan manomano asko aritua. Lesiotik atera berria, hilabete zuriz jantzi gabe, frontoi osoan bakarka aritzeko entrenamendu berezi gutxi eginda, esku mindua tratu gogorrenera behartu gabe eta eutsiko ote zion jakin ezinik,  partida ondo prestatzeko denbora izan duen aurkaria, ... Uff! Norbere konfiantzan erasan zezaketen gauza gehitxo. Hori gutxi balitz, entendituok isildu gabe esaten espezialitate hau dela alegiarraren ezaugarrietara ondoen egokitzen dena eta, gainera, Untoria atzelaria dela eta, gaur egun, hauek ez daukatela zer eginik modalitate honetan. Zalantza asko batetik, presio handia bestetik. Ez ziren baldintza onenak pauso sendoarekin sartzeko frontoira, eta antzeman zitzaion lehen tantoetan. Meritu izugarria, partidako handiena, ematen diet lehen tanto hauei. Untoriak bere onena eman zuen eta, zalantzak zalantza eta trakeskeriak trakeskeria, Iñakik jakin zuen partidari eusten harik eta bere bidea hartu zuen arte. Gero, 22-8 irabazi zuen, itxuraz, erraz. Lehen froga gaindituta, eskuak ondo sentituta, partida bat baino gehiago irabazi zituela esango nuke: Untoria, barne-zalantza eta kanpo-presioaren aurkakoak.


Orain Rezusta, atzelari ezkerra! Atzelariek ez daukate zer eginik buruz buru eta aisa irabazi behar lioke esango dugu entendituok. Entendituak ginen baita esaten genuenak eskuz ezkerrak ezin duela punta-puntako atzelaria izan. Entenditzen?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!