Iñaki Artolak aurrera egin du buruz burukoan

Ataria 2016ko apirilaren 16a

Artola eta Untoria, partidaren une batean. EITB.EUS

Untoria errioxarrari 8-22 irabazi dio pilotari alegiarrak eta hurrengo norgehiagokan Rezusta izango du aurkari.

Markagailuak erakusten duena baina partida gogorragoa izan da, hasieran behintzat. Artolak azaldu duenez, "hasieran lotu xamar ibili naiz. Untoria ondo hasi da eta nik ezin dut pilota nahi bezala luzatu". Parekatua joan da partida, baina pixkana Artola askatu egin da eta "partida ona" egin duela azaldu du.

Sakearekin ere min egin du Artolak. Zuzenean zein errestoan tanto ugari egin ditu, batez ere partidaren bigarren zatian. Azkenean zortzi tantotan utzi du errioxarra, gutxienez azkeneko hamar tantoak errenkadan eginez. "Askoz lasaiago jokatu dut abantaila hartu dudanean", esan du Artolak, "eta nola jokatu behar nuen argia izango dut. Airez noiz sartu behar nuen, adibidez".

Hurrengo aurkaria Rezusta izango du alegiarrak. "Zaila izango da partida. Rezusta oso ondo moldatzen da buruz buru. Bigarren mailako txapela irabazi zuen, eta afizionatuetan ere oso ondo ibiltzen zen. Aurkari zaila izango da", esan du Artolak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!