«Bullying kasuen aurrean ezin dugu tolerantziarik izan»

Iñigo Terradillos 2016ko api. 7a, 13:30

Beatriz Ezeiza psikopedagogoak bullyingaren inguruko hitzaldia emango du gaur, 18:00etan, Alegiako kultur etxean, Iturri-zahar guraso elkarteak antolatuta.

Zer da bullyinga?

Esan dezakegu haur edo nerabe bat biktima bihurtzen dela beste haur edo nerabe talde batek denboran zehar eta sistematikoki erasotzen dutenean. Eraso hori mota ezberdinetakoa izan daiteke, baina bi kontzeptu horiek argi geratu behar dira: denboran zehar irauten duela eta sistematikoa dela. Ez dira pasarte isolatuak izaten.

Zergatik gertatzen dira eraso horiek?
Normalean erasoa pairatzen duten pertsonek perfil bat izaten dute: ahulagoak dira, estimu baxukoak, beraien pertsonarengan sinesten ez dutenak, besteari ezetz esateko gai ez direnak edo berea defendatzeko gai ez direnak... Besteak horretaz jabetzen dira eta erasotu egiten dute, haurra biktima bihurtuz. Jazarpen hori mota askotakoa izan daiteke: Fisikoa adibidez. Horrek esan nahi du jo egiten dutela, bultzatu, eskolako materialak lapurtu edo puskatu... Izan daiteke psikologikoa: irainak jasotzea, burlak, isekak, zurrumurru faltsuak zabaltzea inguruan, xantaiak... Edo izan daiteke gizarte jazapena. Askotan ez dugu kontutan izaten azken hau baina inportantea da. Ez dute haur hori inguruan nahi, ez dute onartzen beren taldeetan, ez dute maite, eta baztertu egiten dute.

Garrantzitsua da kasu horiek identifikatzea.
Oso. Beti esaten dugu betaurrekoak jantzita ibili behar dugula ikastetxeetan lan egiten dugunok. Egia da erasotzaileak askotan bizkorrak direla, eta normalean heldu baten aurrean ez dutela horrelako jarrera edo ekintzarik egiten. Bilatzen dituzte pasilloak edo atsedenaldiak. Baina, normalean, gelan tutorea konturatzen da klasean duen haur batek sintoma batzuk badituela. Sintoma horiek izan daitezke haurra apatikoa izatea, triste nabarmentzea, taldean ez parte hartzea edo gurasoak etortzea esanez ez duela ondo lo egiten eta ea klasean zerbait gertatu ote zaion... Alarma pizten denean, radarra beti jarrita izan behar dugu, mugitu behar dugu, adi egon behar dugu zer gertatzen den patioan. Kaso egin behar dugu, ezin dugu esan agian ez dela ezer geratzen. Gure egiteko bat da, orientatzaileona, ikastetxeetan gauden pertsonena. 

Horrelakoetan zein izaten da eman beharreko lehen pausoa?
Obserbazio bat egitea. Ikusten badugu zerbait gertatzen ari dela haurra edo nerabeari babesa ematea da lehen egitekoa. Helduagoaren presentzia handiagoa izan behar da une horietan, interbentziorik gabe. Askotan helduaren presentzia handiagoa denean erasotzaileak gelditu egiten dira. Ez bada nahikoa protokolo bat zabaldu daiteke. Askotan errespetu handia ematen du protokolo bat zabaltzeak, baina egia da protokoloak ziurtasuna ematen digula, bai erasoa pairatzen ari den pertsona horren babesa handiagoa izan daitekeelako, baita ikastetxe bera ere babestua egon daitekeelako.

Zer da protokoloa zabaltzea?
Ikerketa txiki bat egitea. Elkarrizketa bat izan dezakegu erasoa pairatzen ari den pertsonarekin, galdetzeko ea noren partetik jasotzen dituen erasoak, nola... Elkarrizketa normalizatu bat, jakiteko zer gertatzen ari den. Horrek askotan eskatzen digu gurasoekin ere banan-banan hitz egin behar izatea, eta horrek askotan errespetua ematen digu. Oso zaila da onartzea zure seme-alaba partaide dela horrelako ekintzetan, baina tolerantziarik ezin dezakegu izan. Eta gero oso garrantzitsua da prebentzioa lantzea. Landu behar da ikastetxeetan, baita familietan ere, familia baita gure heziketaren zutaberik garrantzitsuena. 

Prebentziorako zer egiten da?
Modu natural batean txikitatik garatu behar da, familia eta eskola, denok elkartuta. Ikasleari erakutsi behar zaio edozer gertatzen dela ere, familiaren edo eskolaren babesa beti izango duela, eta konfidantza transmititu behar da. Zer egin behar dugun eskolan? Ziurtasun hori eman, bai irakasle edo gainontzeko lagunen artean. Taldeko partaide sentitzea garrantzitsua da. Adimen emozionala ere oso garrantzitsua da. Erabat sinesten dut, eta gaur egun ikastetxeetan ere asko lantzen da. Haur batek txikitatik sentitzen duena momentuan jakitea da, izena jartzea eta zergatik sentitzen duen hori jakitea. Azken finean, zure burua maitatzeko eta sinesteko. Horrela bada, autoestimu hori egokia bada, errazagoa da ezetz esatea eta bestearengan frenu edo barrera bat jartzea. Askotan biktimak ez du hori garatua izatean. Trebetasun sozioemozionalak ere garatu behar dira, enpatia, esaterako. Haur asertiboak egin behar ditugu, besteak ulertzeko gai direnak.

Jarraitu elkarrizketa entzuten audioan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!