Dantza eta Sutarri, udaberriko egitarauan protagonista

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 6a, 12:22
Pello Añorga ipuinak kontatu zituen, atzo, Alegiako liburutegian.

Sutarri Egunaz gain, bi dantza emanaldi daude; Langaurre Eguna, III. Azoka Ekologikoa, Intxurre K.K.E.ren eguna, eta argazkigintza ikastaroa, nabarmentzeko beste ekitaldiak.

Udaberriko kultur eskaintza ederki hornitu dute beste behin Alegian, eta horietatik asko herriko eragileek antolatutakoak dira. Nabarmenena udaberri garai honetan Sutarri Dantza Taldearen presentzia izango da. Izan ere, hilabete honetan Sutarri Eguna egingo baitute, eta aste honetan hasi den haurrentzako ikastaroaren bukaeran ere emanaldia izango da. 24 haurrek eman dute izena, taldetik espero zutena baino gehiago.  Horrez gain, ekainean Sutarriren ikasturte amaierako jaialdia egingo da frontoian. 120 dantzari inguru daude taldean, sei urtetik 60 urte bitartean.

Aste honetan hasi dira ekitaldiekin udaberri egitarauaren barruan. Aipatutako haurrentzako dantza tailerraz gain, atzo Pello Añorga ipuin kontalariaren saioa izan zen. Bihar bi egitasmo daude. Batetik, Beatriz Ezeiza psikopedagogoaren  hitzaldia bullyng-ari buruz, Iturri Zahar guraso elkarteak antolatuta. Bestetik, argazkigintza ikastaroaren aurkezpen saioa. Alegiako Argazkizaleen Taldeak antolatu du ikastaroa, eta zazpi saio izango dira guztira, ostegunetan egingo direnak. Bihar aurkezpena 17:30etik 18:00etara izango da, eta interesa duten guztiek bertara joan daitezela azaldu dute antolatzaileek. Halere, norbaitek ezin badu, izena eman dezake kultur etxean. Antolatzaileek ere gonbita egin dute Argazkizaleen Taldean parte hartzeko.

Nati Murua Kultura zinegotziak nabarmendu du herriko eragileen parte hartzea «garrantzitsua» dela egitaraua osatzerakoan: «Beti saiatzen gara ere herritarren eta herriko eragileen parte hartzea sustatzen ekitaldiak antolatzeko, eta antolatzen dutena egitarauan sartzen dugu».

Bide horretan, maiatza III. Azoka Ekologikoarekin hasiko da, Beloztegi Herri Baratzea elkarteak antolatuta. Dagoeneko herriko ekitaldien  zerrendan finkatuta dago azoka ekologikoa. Maiatzean ere argazki erakusketa izango da. Agurtzane Belauntzaran berrobitarra eta Pedram Yazdini dira erakusketaren egileak. Hilabete horretan ere Intxurre K.K.E.ren denboraldi amaiera ekitaldia egingo da, eta baita Langaurre Eguna ere. Azken hau iaz bezala antolatuko dute: bazkaria norberak eraman beharko du eta udalak jarriko du edaria, eta esertzeko aulkiak eta mahaiak. Maiatzean ere Alegiako Mendi Asanbladakoek Arditurrira irteera antolatu dute. Udaberriko ekitaldiak ekainaren 23ko San Joan suarekin amaituko dira.

Udaberriko egitaraua

Apirilak 7, osteguna
18:00. Beatriz Ezeiza psikopedagogoaren eskutik, bullyng-aren inguruko hitzaldia kultur etxean,  Iturri Zahar guraso elkarteak antolatuta.
17:30. Argazkilaritza ikastaroaren aurkezpena. Alegiako Argazkizakeen Taldeak antolatzen du, kultur etxean.  Zazpi saio dira guztira, ostegunetan, 18:00etatik 19:00etara.

Apirilak 24, igandea
Sutarri Eguna.

Apirilak 28, osteguna
18:00. Sutarri Dantza Taldearen dantza tailerreko emanaldia, kultur etxean. Aurretik ikastaroa egin dute haurrek, apirileko astelehenetan.

Maiatzak 1, igandea
10:00-14:00. Alegiako III. Azoka Ekologikoa, Beloztegi Herri Baratzea elkarteak antolatuta.

Maiatzaren 5etik 13ra
Agurtzane Belauntzaran eta Pedram Yazdiniren Bajao argazki erakusketa , kultur etxean. Maiatzaren 5ean eta 12an bisita gidatua eta proiekzioa egingo dira.

Maiatzak 21, larunbata
Intxurre K.K.E. taldearen denboraldi amaiera ekitaldia. Herriko plazan egingo dute.

Maiatzak 22, igandea
Langaurre Eguna.

Maiatzak 29, igandea
Mendi irteera Arditurrira, Alegiako Mendi Asanbladak antolatuta.

Ekainak 10, ostirala
22:00. Sutarri Dantza Taldearen ikasturte bukaerako jaialdia, frontoian.
Ekainak 23, osteguna
21:00. San Joan sua, herriko plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!