Lehen Gazte Eguna antolatu dute Alegiako gaztetxean

Imanol Garcia Landa 2016ko mar. 17a, 12:23

Alegiako gaztetxean egingo dira Gazte Eguneko ekitaldi gehienak.

Alegiako gazteek gaztetxearekin lehen kontaktua izateko asmoz antolatu dute Gazte Eguna lehendabizikoz. Etzi, larunbatean, izango da egun hori, eta egun guztiko egitaraua antolatu dute.

Alex Goikoetxea Alegiako Gaztetxeko kideak azaldu duenez, «pauso handi bat da egun hau antolatzea. Orain arte ez da inoiz egin horrelako egun bat Alegian, eta honekin lortuko dena da gazte jendea pixkana gaztetxera inguratzea, eta ekimenak antolatzeko dinamikan parte hartzen hastea». Goikoetxeak gaineratu duenez, «zorte handia dugu horrelako lokala izateaz herrian, eta gure ekimenarekin gauzak antolatzeko aukera izatea. Ea egitasmo honek ematen digun etorkizunean bide berriak irekitzeko aukera gaztetxean».

Antolakuntza lanak egun gaztetxean dauden kideen eta gaztetxeko kide izateko pausoa emateko asmoa dutenen artean egin dituzte. «Denontzat zerbait berria izan da. Aldaketa moduko bat izan da. Orain arte antolatu dutenak gu baino zaharragoak izan dira. Denon artean antolatzeko proposamena egin zen, eta erantzun nahiko polita izan da», azaldu du Goikoetxeak.

15-18 urte inguruko gazteei begirako eguna da larunbatekoa. «Jendea pixkana sartzen ari da eta bultzada emateko modu bat da Gazte Eguna, eta bide horretan baita antolakuntzan parte hartzeko ere», esan du Goikoetxeak, eta gaineratu: «Jende gazteagoarentzat gauzak antolatzeko aukera polita izaten ari da».

Goikoetxea bera sartu berria da gaztetxean: «Nik orain oso bizia ikusten dut gaztetxea. Izan dira uneak baxuago egon dela nire ustez, eta pixkana, jende berria sartuz eta gauzak eginez eta gogoa mantenduz, ea beste 25 urte edo gehiago irauten duen».

Egitarau zabala antolatu dute, goizetik gauera arteko ekitaldiekin. «Asmoa izan da jendea goizetik giroan sartzea», esan du Goikoetxeak, «eta mendi irteera batekin hasiko dugu eguna». Intxurrera egingo dute ibilaldia eta gero hamaiketakoa Langaurren.

Bazkaria izango da hurrengo ekitaldia, eta horretarako txartelak 15 eurotan salgai daude Iskina eta Hilario tabernetan. Txartel horrek ere gaueko kontzerturako sarrera moduan balioko du. Bazkalostean gaztetxearen historia pixka bat gehiago ezagutzeko aukera izango da. Arratsaldean poteoa egingo da, afaltzeko zahagiardoa, eta egunari amaiera emateko Lagrimas de Sangre taldearekin kontzertua.


Egitaraua

Martxoak 19, larunbata

09:00. Mendi irteera Intxurrera. Bueltakoan Langaurren salda eta haragi egosia.

14:30. Bazkaria gaztetxean. Txartelak salgai herriko tabernetan. Bazkalostean tertulia: argazki zaharrak, kartelak, batailitak...

21:00. Zahagiardoa.

22:30. Lagrimas de Sangre taldearen kontzertua. Sarrera 5 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!