Finalerdi baterako, arrisku gehiegi

Asier Imaz 2016ko mar. 14a, 13:45

Artola-Imazek 22-9 galdu dute Victor-Untoriaren aurka, Donostian. Finala nortzuk jokatuko duten erabakitzeko beste bi jardunaldi geratzen dira.

Arriskatzen denean, batzuetan zuzen ateratzen da eta besteetan oker. Gauzak zuzen egite aldera, arriskuaren gainean arriskua jartzen denean, helburu zuzena lortzeko proportzioek behera egiten dute. Apustuetan kontu bera gertatzen da: orduan eta arrisku gehiago hartu, orduan eta zailagoa da irabaztea. Baina hor ere batzuk irabazi eta besteek galdu egiten dute; igandean bezala. Ura pasa ondoren presa egitea alferrik den arren, zergatik gertatu den aztertzeko badaude hainbat datu.

Iñaki Artolak Albisurekin jokatu behar zuen finalerdietako lehen jardunaldia, Binakako Txapelketan. Aurkariak, Victor-Untoria zituzten; partida arriskutsua. Albisu eskuetako minez zenez, bere lekuan Ander Imaz jarri zuen Asegarce enpresak. Erabaki arriskutsua. Imaz 21 urteko atzelari gaztea da. Duela hiru hilabete debutatu zuen profesionaletan, guztira 14 partida jokatu ditu. Oiartzuarra promozio txapelketa jokatzen ari zen Arteagarekin, lautik lau partida irabaziz. Lehen mailan debutatzeko aukera, hasi berritan iritsi zaio Imazi, eta Binakako Txapelketaren finalerdi batzuetan.

Partida arriskutsua gaizki hasi zen oiartzuarrarentzat: «Lasai nengoen, baina gaizki hasi naiz, huts asko eginaz». Lehen sei tantotan lau huts. Artolak erabaki bat hartu zuen orduan, gehiago arriskatzea bere jokoan: bai atzelariari laguntzerako eta baita tantoa bukatzeko ere. Imazek onartu bezala, alegiarrak aukera handiegirik ez zuen izan beste ezer egiteko: «Aurkariek hiru pilota atzera botatzea nahikoa zuten pilota aurrean izateko, edo nik huts egiteko». 21 urterekin, debutatu berritan, ez zuen ederki pasa oiartzuarrak. Bere atzelariak egin bezala, Artolak ere bere buruari bota zion errua: «Anderri laguntzen saiatu eta pilota on batzuk kendu dizkiot, agian berak gozatzeko zirenak». Bi pilotarien hitzak tristeak ziren partida amaieran, 22-9 galduta. Dena irten zitzaien gaizki, eta horrela esan zuten. Finala arriskuan dago Artola-Albisurentzat; goxo esateagatik. Apustuetako proportzioek esango dute argien. Arriskatu nahi duenak, hor izango du aukera.

Baina arriskua, arriskua eta arriskua. Gehiegi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!