Ikasleak motibatu nahian, musika eskolen trukea

Imanol Garcia Landa 2016ko mar. 10a, 15:52

Loatzo Musika Eskolak Villafranca del Penedeseko musika eskolako ikasleak hartuko ditu trukean, bigarrenez; larunbatean izango dute festa eguna, Alegian

Gaur gauean iritsiko dira Villafranca del Penedes herritik Maria Dolores Calvet musika eskolako ikasleak. Loatzo Musika Eskolako irakasle eta ikasleekin elkartuko dira, eta igande goiza bitartean eskualdea ezagutuko dute. Larunbatean izango dute festa egun handia, Alegian, baina gauza asko dituzte elkarrekin egiteko, Aitor Lasa musika irakasleak adierazi duenez.

Loatzo Musika Eskolakoak izanak dira Herrialde Katalanetan, eta trukean, bi egun oso-oso izango dituzte elkar ezagutuz, ondo pasatzeko. Alegian egingo dute festarik handiena, eta bihar goizean, Unai Iraola alkateak beste udal ordezkariekin batera harrera egingo diete Villafranca del Penedesetik etorriko direnei.

Bisitariek ostiral goiza ikastetxeetan pasako dutela argitu du Lasak: «Ikastetxe ezberdinetan pasako dute goiza. Anoetako ikastolan, eta Villabonako Erniobea eta Zubimusu ikastetxeetan izango dira beraien errepertorio eta dantzak klaseetan dauden hemengo ikasleei erakutsi eta zabalduz. Hori da helburua».

Ostiral arratsaldea entseguetarako baliatuko dute bai hemengo eta bai hango musikariak elkartuz. Dena ez da, ordea, musika jotzea izango. «Larunbata egun nagusia izango da, arratsaldea behintzat. Baina hiru egunetarako gurera etorri eta esaten ziguten 'dena ez da izango musika jotzea'. Musika jotzea ondo dago, baina turismo pixka bat ere egin nahi dute Donostia ezagutzeko. Goiza Donostian lasai pasa, eta gure ikasleen etxeetara joango dira bazkaltzera», azaldu du Lasa irakasleak.

18:00etatik aurrera lehertuko da festa, Alegian. Kalejiran ibiliko dira Loatzo Musika Eskolako ikasle guztiekin batera: «Trikitilariak eta dultzainak gure aldetik izango dira, eta beraien aldetik banda eta orkestrak prestatu dituzte kalean jotzeko, eta desfile moduko bat egingo da 19:00etako kultur etxeko emanaldia egin baino lehen». Jende asko gerturatzea espero dute.

Eguna bukatzeko, bi eskolek elkarrekin afaria egingo dute gaztetxean. 150 pertsona elkartuko dira guztira. 12 eta 18 urte arteko ikasleak izango dira.

ARANTZA ATERATA

Loatzo Musika Eskolak bere zortzi herrietan emanaldiak emateaz gain, kanpora ateratzea bilatzen du. «Duela bost urte izan genuen lehen aldiz harremana Herrialde Katalanetako musika eskola batekin. Ez zen guztiz ondo atera. Gu joan ginen, baina beraiek ezin izan zuten etorri. Arantza gelditu zitzaigun eta beste saiakera bat egiten ahalegindu ginen», kontatu du Lasak.

Eta duela bi urte eginiko saiakerak bere fruitua eman zuen, eta lehen trukea egin zuen Villafranca del Penedes herriko musika eskolarekin; «oso aberasgarria izan zen». Iaz atseden hartu eta berriz egitera animatu dira «dugun harremana landu eta hobetu asmoz». Ikasleak motibatu nahi dituzte, beraien azalean jarri eta erakutsi beraiek bezalako gazteak badirela. «Gauak pasatzera joan nahi izaten dute, eta horren aitzakian landu beharrekoak lantzen ditugu, emaitza onak lortuz».

EGITARAUA

Martxoak 11 , ostirala

09:30. Harrera Alegiako udaletxean.
11:00. Villabonako Erniobea eta Zubimusun, eta Anoetako ikastolan emanaldiak.
19:30-20:30. Entsegu bateratuaren ostean emanaldia Villabonan.

Martxoak 12, larunbata 

18:00. Kalejira, Alegian zehar.
19:00. Emanaldia kultur etxean.
21:00. Afaria gaztetxean, bakoitzak etxetik janaria eramanda.
23:00. Ikasle kontzertua, mikrofono librea,...egrita, behar bada bakarrik

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!