Sutarriko dantzarien emanaldi berezia, bihar

Ataria 2016ko mar. 3a, 11:09

Sutarri dantza taldekoen emanaldia iazko Alegiako Karmen jaietan.

'Bizibizirik' emanaldia eskainiko dute Alegiako dantza taldeko 20 dantzari inguruk, bihar, 22:00etan, Elizpe zinema aretoan.

Sutarri dantza taldeak emanaldia eskainiko du, bihar, Elizpe zinema aretoan. Bizibizirik izena jarri dioten emanaldia 22:00etan hasiko da eta sarrera doan izango da. «Normalean ikasturte bukaeran egiten da emanaldia eta bertan parte hartzen dute taldeko dantzari guztiek», azaldu du Nati Murua Sutarri dantza taldeko kideak. «Aurtengo ikasturtean beste emanaldi bat txertatzea pentsatu dugu, dantzariek motibazio berezi bat izateko. Bi taldek egingo dute saioa, 12 urtetik gorako dantzarien parte hartzearekin».

Gaur egun ehun dantzari inguru daude taldean, eta biharko emanaldian 20 dantzari inguru izango dira Elizpe zinema aretoko oholtza gainean. Areto horretan egiteko erabakia ikusleak erosoago egoteko asmoz hartu dute. «Jendeari gustatzen zaio ere lekuz aldatzea, eta modu honetara zinema aretoari ere erabilpen gehiago eman diezaiokegu», esan du Muruak.

Bi emanaldi nagusi egin ohi ditu Sutarrik urtero: ikasturte bukaerakoa eta Karmen jaietan egiten dena. «Aurtengo ikasturteko berritasuna izango da Bizibizirik emanaldia», azaldu du Muruak. «Dantzariei gustatzen zaie beraien lana erakustea eta asmo horrekin antolatu dugu saioa. Dantzariak gogotsu prestatzen ari dira emanaldia».

Ordubete inguru iraungo du ikuskizunak eta dantza tradizionalak eta koreografikoak egingo dituzte, erdi eta erdi. Emanaldiari zein izen jarri nahi zioten pentsatzean, azkenean Bizibizirik jartzea erabaki zuten, taldea «indartsu eta bizirik» ikusten dutelako.

Sutarri dantza taldeko begiraleak aritu dira ikuskizuna prestatzen, eta lau hilabete inguru eman dituzte taldekideek lan horretan. «Esfortzu handia da. Irakasleek lan handia egin dute, eta dantzari guztiak sekulako lana egiten ari dira saio eder bat emateko», azaldu du Muruak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!