«Inguruan duguna gehiago baloratzen ikasi dut Brasilen»

Imanol Garcia Landa 2016ko mar. 2a, 12:49

Kooperante moduan eta ingeniaritza ikasketen amaierako proiektua egitera joan zen Ander Arandia alegiarra Brasilera. Lehen sektorean aritu zen bertan, eta egun, etxera itzuli eta gero, sektore horretan ari da lanean.

Ingeniaritza ikasketen azken urtea, aurreko ikasturtea, hain justu, Brasilen eman du Ander Arandia alegiarrak. Mundukide elkartearen bidez, MST mugimenduarekin aritu da lankidetzan, eta bide batez, ikasketa amaierako proiektua egin du.

Nola sortu zen Brasilera joateko asmoa?

Arrasaten ikasi dut eta aukera izan nuen Mundukide gobernuz kanpoko elkartearen memoria bat irakurtzeko. Posta elektroniko bat iritsi zitzaidan kooperante bat behar zutela esanez, eta bi aldiz pentsatu gabe Mundukidera joan eta neure burua aurkeztu nuen. Nire tutoreak esaten duen moduan, izarrak lerrokatu ziren, eta ikasketa amaierako proiektua eta kooperante bezala Brasilera joatea bateratu zitezkeela ikusi zen.

Zertan aritu zara Atlantikoaren bestaldean?

Han, hegoaldean, nekazari ekologikoen sare bat dago, Red Ecovida izenekoa, 2000. urtean sortu zutena beraien produktuak merkaturatzeko eta ziurtagiri ekologikoa jartzeko. Red Ecovidaren lan egiteko modua aztertu eta proposamenak egiten aritu nintzen. Lan garrantzitsuena datu base bat ezartzea izan da. Lurrik Gageko Nekazari Langileen Mugimenduaren (MST) kide asko daude kanpamentuetan, eta beraien datu pertsonalei eta uztari buruzko informazioa batzeko eta zentralizatzeko datu base bat ezartzea izan da nire helburu nagusia.

Esperientzia aberasgarria izango zen, ezta?

Bai, Brasil guztian eratuta dagoen mugimendu sozial baten parte izan naiz. Ezagutu dut beraien antolatzeko modua, eta hango nekazariekin elkarlanean aritzea niretzako luxu bat izan da.

Erronka ere izango zen bertara joatea.

Hasieran hizkuntza izan da eragozpen handi bat. Nekazariek hasieran zeharka begiratzen zuten. Halere, Mundukide duela zortzi urte dago han, euskaldun batzuk pasa dira handik, eta horrek bidea pixka bat erraztu dit.

Nolako errealitatearekin egin duzu topo bertan?

Ni egon naizen eskualdean, giza garapenaren indizea nahiko baxua zen. Ikusi ditut familia asko nahiko isolatuta bizi zirela, eta beraiek ekoizten zutenarekin bizirik irauten. Politikoki, nekazaritza erreforma egiteko diru laguntzak bideratzen dituzte kooperatiba txikiak sortzeko. Eta ni Brasilgo gobernuak ematen dituen diru laguntza horiek kudeatzen aritu naiz. Orokorrean beste errealitate bat da, eta beste behar batzuk daude. 

Brasil ezagutzeko aukera izan duzu?

Brasil oso handia da. Lurralde bakarra dela esateko ere handiegia dela esango nuke. Brasildar batzurekin elkarbanatu nuen etxebizitza. Han pasatu nituen Eguberriak, Urteberri eguna eta inauteriak, eta garai horietan bisitatu nituen pisukideen edota lankideen familiak. Edozein leku turistikora joatea baino, pentsatu nuen hobe izango zela bertako bizimodua gehiago ezagutzea. Eguberrietan hegoalderago joan nintzen eta gero Rio de Janeiron bukatu nuen, eta gero inauterietan Sergipe estatura, iparralderago dagoenera, joan nintzen. Hor Mundukidek bigarren proiektu bat du, eta han euskaldun batzuk badaude ere kooperante moduan eta haiek bisitatu eta bertako proiektua ezagutu nuen.

Nola ikusten duzu gobernuz kanpoko elkarteek egiten duten lana ?

Horrelako proiektuek denbora luzera begirakoak izan behar dute, zerbaitetan eragin nahi baldin bada. Beste lurralde batera iristen zarenean, eta zerbait eraiki nahi duzunean, jende askoren arteko elkarlanaren bidez egin behar da. Eta lehendabiziko gauza egin behar duzuna konfiantza harreman bat sortzea da. Zenbait elkartek urtebeteko proiektuak egiten dituzte eta nire ustez oso zaila da denbora tarte horretan gero iraungo duen zerbait sortzea. Mundukidek denbora luzeagoz garatzeko proiektuak bultzatzeko apustua egin zuen, eta nik uste dut hortik izan behar duela bidea. Beti ere hemendik ezer inposatu gabe. Beraiek baino hobeto inork ez dakizki bere beharrak, eta orokorrean joera dugu bertara joaterakoan zer komeni zaien esatea. Alferrik lehertuko zara zerbait sortzen, gero ez badiote jarraipenik emango.

Brasildik etortzerakoan, han bizitako esperientziak nola eragin dizu hemen?

Hara joan aurretik, industria enpresa batean lanean aritu nintzen bi urtez, ikasten ari nintzen bitartean, eta ez nintzen oso identifikatuta sentitzen lan horrekin. Horrez gain, ardura ere banuen kontsumitzen dugunaren inguruan. Kontsumitzen dugunaren ehuneko txikia da bertan ekoiztutakoa, eta horrek ere arduratzen nau. Nik ingeniaritza antolakuntza ikasi dut, industriara aplikatuta hasiera batean, baina ikusten dut izan dezakeela beste aplikazio bat, lehen sektorearekin lotuta, eta Brasilgo esperientziak horretarako begiak zabaldu dizkit. Eta baita inguruan duzuna baloratzea. Brasilgo baserrietan produktu pila bat egiten zituzten. Gobernuz kanpoko elkarte batekin joan nintzen hara laguntzeko asmoz, baina askoz gehiago jaso dut nik; besteak beste, inguruan duguna gehiago baloratzen ikasi dut.

Orain, Brasildik etorri eta gero, lehen sektorean ari zara lanean.

Hara joan aurretik banekien esne kooperatiba batekin ariko nintzela lanean. Eta bertara joan aurretik, hemengo esnetoki bat ezagutu nahi nuen. Altzoko Fermin Murua betidanik ibili da Alegian esnea banatzen, eta Brasilera joan aurretik bere ukuilua bisitatu nuen. Handik etorri ondoren, elkarrekin egon gara eta justu pertsona bat behar zuten, berak eta Anoetako Gregorio Zuaznabarrek sortutako Behieko enpresan lana egiteko. Lehen sektorearekin zerikusia duen proiektua da, eta bi aldiz pentsatu gabe proban hasi ginen, eta gustura gabiltza bertan. Enpresa txiki bat da, eta esnekiak merkaturatzen ditugu. Ni elaborazioaz, banaketaz eta kudeaketa administratiboaz arduratzen naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!