Finalera joango diren Gipuzkoako 32 bikoteak Alegian erabakiko dira

Maier Ugartemendia 2016ko otsailaren 20a

Alegian Euskal Herriko Mus Txapelketa jokatzen ari dira, 15:00etatik aurrera; 115 bikotek parte hartu dute kanporaketa honetan, horietatik 27 Tolosaldekoak eta 32 bikote irabazleak Euskal Herriko finala jokatuko dute martxoaren 5ean Urdiñarben (Zuberoa)

Xabier Albizu antolakuntza lanetan aritzen da eta berak azaldutakoaren arabera Alegian leku "bikaina" topatu dute kanporaketa hau jokatzeko. Goizean azpiegitura guztia prestatzen aritu dira eta arratsaldean 15:00etan zozketa egin eta ekin diote gaurko kanporaketari.

Gipuzkoan 750-800 bikote inguruk parte hartzen dute herriz herri egiten den kanporaketarekin. Aurten 115 bikote iritsi dira Alegiara eta aipatu bezala horietatik 32 besterik ez dira Urdiñarbeko final handira iritsiko. Herrialde bakoitzeko bikote kopuru proportzionala joaten da final horretara: 32 bikote Gipuzkoatik, 32 Nafarroatik, Arabatik 18, Bizkaitik  12, Lapurditik 12, Nafarroa Beheratik 14 eta Zuberoatik 8. Guztira 128 bikote ariko dira, hortaz, Urdiñarben.

Mus Txapelketa honen helburuari dagokionez, Albizuk dio musa Euskal Herrian sortutako jokoa denez, "jokoarekin ere Euskal Herria sortzen" lagun dezaketela. Mundu mailako txapelketa Espainia, Frantzia edo Uruguai bezalako herrialdeetatik abiatuta egiten da, eta Albizuren esanetan hemen sortua denez "ezin da besteen eskuetan utzi" eta Euskal Herrikoa bertakoa antolatu beharra dago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!