Musean 117 bikote ariko dira bihar Alegian

Tolosaldeko Ataria 2016ko ots. 18a, 18:32
Iaz ere Alegian egin zuten Gipuzkoako kanporaketa

Euskal Herriko mus txapelketako Gipuzkoako kanporaketan eskualdeko 27 bikotek hartuko dute parte

Mus txapelketak guk uste baino zabalduagoak daude. Inork gutxik daki Munduko Mus Txapelketa ere antolatzen dela lau urtez behin. Eta beraz, Euskal Herria munduaren aurrean ordezkatu ahal izateko Euskal Herriko Mus Federazioa osatu dute.

Pauso sendoak ematen ari dira. Euskal Herriko Mus Federaziotik eskutitz bat bidali diote Munduko Mus Federazioari bertako partaide izateko informazioa eskatuz: «Gure helburua ez da gaur egun egiten diren mus txapelketak ordezkatzea, indartzea baizik eta bide horretan Euskal Herri gisa, gure izatea eta nortasuna aldarrikatzea».

Asmo horrekin antolatzen dute nazio mailako txapelketa herriz herri eta aurtengoa zortzigarren aldia izango da. «Euskal Herrian mus jokoa, mahai jokoetan zabalduena izaki eta jakinik modu eta ohitura ezberdinetara jokatzen dela, oztopoak gainditu eta elkar hartzea helburu duen egitasmoa da». Lau erregetara egiten dute jokoa.

Bide honetan hainbat eta hainbat elkarte, taberna, talde eta pertsonen laguntza jasotzen dute antolakuntzan.  Alegian, adibidez, hainbat laguntzaile ariko da larunbatean, Gipuzkoako kanporaketa prestatzen. «Laguntzaile horiei eta udalari eskerrak eman nahi dizkiegu, haiek gabe ezinezkoa izango litzateke Euskal Herriko Mus Txapelketa egitea. Mila esker guztioi», esan dute federaziotik.

Alegiako kultur etxean hitzordua

Eskualdeko herri gehienetan ospatu dira azken hilabeteen mus txapelketaren kanporaketak. Tolosaldeko 27 bikote sailkatu dira, bihar, Alegiako kultur etxean egingo den herrialdeko kanporaketara. Euskal Herriko beste sei herrialdeetako finalak ere bihar jokatu dira.

Musean aritu behar duten 117 bikoteak 15:00etarako gerturatu beharko dira larunbatean Alegiako kultur etxera, ordu horretan egingo baitira izen emateak. Ondoren aurkezpena egin eta jokoan hasiko dira muslariak. Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko gomendioa luzatu dute. Autoz gerturatzen direnentzat aparkatzeko tokia egokituko dute kultur etxetik gertu. Behar bezala seinalez hornituta egongo da eta Amezketako bidean dagoen sarreratik sartzea eskatzen dute.

Gipuzkoako irabazleentzat txapelak, garaikurrak eta afariak izango dira eta Euskal Herriko final handira sailkatzeko ohorea. Nazio mailako finala martxoaren 5ean jokatuko da Urdiñarben (Zuberoan).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!