'Biziminez' dokumentala, bihar, zinema aretoan

Imanol Garcia Landa 2016ko otsailaren 18a

Alegiako Mendi Asanbladak antolatu du; emanaldiaren ondoren, Josu Iztueta tolosarrarekin solasaldia egiteko aukera izango da

Martxan jarri du Alegiako Mendi Asanbladak bere etapa berria. Urtarrilaren bukaeran Uzturre mendira joan ziren eta hilabete honetarako emanaldi bat antolatu dute. Biziminez dokumentala ikusteko aukera eskainiko dute zinema zaharrean, bihar, 22:00etan hasita. Ondoren, ikusentzunezkoaren protagonistetako bat den Josu Iztueta tolosarrarekin solasaldia egingo da.

Emanaldia antolatzearen arrazoia galdetuta, mendi asanbladako kidea den Ainara Tomasenak azaldu duenez, «aurreko urtean aurtengorako planifikazioa egiten ari ginenean, esan genuen ez genituela mendi irteerak bakarrik antolatu nahi, ekintza kulturalekin uztartu nahi genuela ere gure jarduna». Jakin zuten Bilboko Mendi Film Festival jaialdian Biziminez dokumentala eman behar zutela, eta taldeko batek Josu Iztueta ezagutzen duenez, berarekin harremanetan jarri eta Alegiara eramatea adostu zuten, Iztueta bertara gonbidatuz.

Mendi irteerei dagokionez, aurtengo denboraldiari Uzturrera urtarrila bukaeran egindako irteerarekin eman diote hasiera: «Ez genekien jendeak nola erantzungo zuen, eguraldia ez baitzen oso ona ere», azaldu du Tomasenak, «eta azkenean 45 pertsona elkartu ginen, eta oso goiz pasa ederra egin genuen». Asmoa bi hilabetez behin irteera bat egitea da. Hurrengoa martxoaren 20ean izango da, Oiartzungo Arditurri inguruetara. Ibilaldia egingo dute eta gero bertako interpretazio zentrora joango dira bisita egitera. Autoz joango dira, beraz ez da aurretik izenik eman behar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!