‘Oroitza-penak’ antzezlana, neguko egitaraua hasteko

Ataria 2016ko urt. 22a, 17:20

Joseba Usabiagaren 'Oroitza-penak' lanaren kartela.

Joseba Usabiaga aktore tolosarraren emanaldia zinema aretoan izango da, gaur, 22:00etan hasita.

Formatu txikiko antzerki saio batekin, «minimalista», bere egileak dioen bezala, hasiko da gaur Alegiako neguko egitaraua, Kultura Batzordeak antolatutakoa. Joseba Usabiaga aktore tolosarrak sortu duen Oroitza-penak emanaldia ikusi eta entzun ahalko da, gaur, 22:00etan hasita, zinema aretoan.

30 urteko gazte baten memoriak eta penak biltzen dituen saioa eskainiko du Usabiagak, horietako zenbait bere bizipen eta esperientzietan oinarrituta, eta gehienetan esajeratuta. «Orain urte eta erdi egin nuen lehenengo aldiz emanaldia», azaldu du Usabiagak. «Ordu erdiko gauzatxo bat prestatu nuen, nik bakarrik egiteko, eta orduz gero beste leku batzuetatik deitu didate». Hasierakoo hori moldatu eta ordubete inguruko saio bat osatu du: «Emanaldi xumea da, elementu gutxirekin, erdi bakarrizketa erdi antzerkia dena». Iraupenaz gain moldaketak ere egiten joan da, «funtzionatzen duenak eta ez duenak begiratuz». Dagoeneko 25 emanaldi inguru egin ditu Usabiagak, eta beste emanaldi batzurekin Alegian izan bada ere, lehenengo aldia izango da berarentzat zinema aretoan antzeztuz.

Egitarau zabala
Gaurko emanaldiaren ondoren eta martxoaren 20a bitartean, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte. Otsailaren 19an, Biziminez dokumentala eskainiko da zineman. Bizitzari buruzko gogoeta sakona da Pablo Dendaluze zuzendariaren lana. Josu Iztueta eta Antxon Arzaren bizipenak kontatzen ditu eta emanaldiaren amaieran solasaldia izango da Iztuetarekin. Otsailaren 27an bertso bazkaria izango da Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiorekin. Martxoaren 4an Sutarri dantza taldearen emanaldia zineman eta martxoaren 11n Bertsolaritzaren sekretuak bertso emanaldia izango da leku berean. Hurrengo egunean Loatzo eta Villafranca del Penedes musika eskolen jaia ospatuko da.

Bestelakoan, Alegiako mendi asanbladak antolaturiko bi mendi irteera, ipuin kontaketak haurrentzat, Loatzo musika eskolako perkusio eta eskusoinu saioak, eta Txintxarri abesbatza santa eskean aterako da. Azkenik, aipatu martxoaren 8an elkarretaratzea egingo dela plazan Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira.

Egitaraua

URTARRILAK 22, OSTIRALA
22:00.  Oroitza-penak, Joseba Usabiagaren eskutik, zineman.
URTARRILAK 31, IGANDEA
Uzturrera mendi irteera, Alegiako mendi asanblada antolatuta.
OTSAILAK 4, OSTEGUNA
19:00. Txintxarri abesbatza kantari
Santa Ageda bezperan.
OTSAILAK 17, ASTEAZKENA
17:00. Ipuin kontaketa Apikaren eskutik liburutegian. 4-7 urte bitarteko umeentzat.
OTSAILAK 19, OSTIRALA
22:00. Dokumentala: Biziminez. Ondoren, solasaldia Josu Iztuetarekin. Zineman.
OTSAILAK 27, LARUNBATA
Bertso bazkaria Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiorekin.
MARTXOAK 1, ASTEARTEA
18:30. Loatzo musika eskolaren emanaldia kultur etxean:  perkusioa.
MARTXOAK 4, OSTIRALA
22:00. Sutarri dantza taldearen emanaldia zineman.
MARTXOAK 8, ASTEARTEA
19:00. Elkarretaratzea plazan.
MARTXOAK 11, OSTIRALA
22:00. Bertsolaritzaren sekretuak bertso emanaldia zineman.
MARTXOAK 12, LARUNBATA
Egun osoan zehar Loatzo musika eskola eta Villafranca del Penedes musika eskolen festa.
MARTXOAK 15, ASTEARTEA
17:00. Ipuin kontaketa Apatxiren eskutik liburutegian. 4-7 urte bitarteko umeentzat.
18:00. Loatzo musika eskolaren emanaldia udaletxean: eskusoinua.
MARTXOAK 20, IGANDEA
Arditurrira mendi irteera, Alegiako mendi asanbladak antoaltuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!