Partida gaiztoa Artola-Albisurentzat

Ataria 2016ko urt. 3a, 01:11

Lau partida irabazita jarraian, bosgarrena irabaztea zen Artola eta Albisuren helburua. Ezinezkoa izan da. Bengoetxea-Untoriak, egungo txapeldunak, 22 eta 13 irabazi diete goraino beteta zegoen Iruñeako Labriten. Gaiztotu egin zaie arratsaldea eta, partida ez-ezik, Jon Ander Albisuren eskuin eskua ere galdu dutela dirudi. Horixe txarrena.

Iñaki Artolak ezker-gantxo bikain baten bitartez beren zortzigarren tantoa egin duenean (10-8), atseden hartzea erabaki dute gorriek, Bengoetxea-Untoriak. Eserlekuetara etorri direnean, egiten zituen kinuengatik, antzeman diogu Albisuri eskuin eskuan bazuela arazoren bat. Hamabigarren tanto osteko derrigorrezko atsedenaldian aldageletara joan da eta handik aurrera ia ezker hutsez aritu da. Ordura arte bete-beteko partida jokatzen ari ziren lau pilotariak. Bengoetxea eta Untoria azkeneko txapelketa irabaztera eraman zituen jokoa ez dutela urrun erakusten ari ziren. Alegiarra eta ataundarra, berriz, zergatik irabazi dituzten aurreko lau partidak.

Hamabigarren tantoko geldialdia egin denean, 12-8 ari ziren irabazten gorriak. Ordurako 6na tanto zituzten eginak bi aurrelariek eta bana galduta bi atzelariek, eta ikusleak partidu ona ari ginen ikusten. Tarte honetan Iñakiren bi ezker-gantxo eskuineko marrak salatu ditu, eta hirugarren bat kanpora joan zaio gutxigatik. Horixe zen aldea, gainerakoan berdintasun handiko partida ikusten ari ginen.

Hemendik aurrera, baina, akabo! Ikusten zen ataundarrak ezin zuela eskuinez pilota ukitu ere egin. Ia ezker hutsez aritu da denbora guztian eta, esku honekin ere, bestela egiten ez dituen hutsak egiten hasi da. Nabari zen sufritzen ari zela eta ezin ziola kontzentrazioari eutsi. Gorriek beren lana serio-serio egiten jarraitu dute, Albisuren ondoeza baliatzen batik bat. Alegiarra, berriz, saiatu da azkenera arte partiduari eusten eta aurkariak hausten. Beren aldeko azken tantoa esate baterako (13-20), -hamar egin ditu jokoan, hamahirutik izateko bada zer edo zer- adibide garbia da: bi sotamano jo ditu segidan atzera, gero ezker-zeharra motz-motzean zabalera eta, gero, Bengoetxeak bildutako pilota txokoan utzita bukatu du tantoa. Baina hurrengo bi tantoak gorrien aldera erori dira: hogeita batgarrena Albisuri kontrakantxara joan zaio eta azkena Iñakiren ezker-gantxoa eskuin marrara, gaurko hirugarrena.

Galdu behar zuten noizbait eta bosgarrenean izan da. Baldintza fisiko onenetan jokatuta ere gerta zitekeen, kontuan izanik egungo bikote txapelduna zela aurrean izan dutena. Baina hori ez dugu jakingo. Ez dute, ordea, partida bakarrik galdu. Zantzu guztien arabera, Albisuren eskuin eskuaren egoera kezkagarria da, eta hau partida galtzea baino galera handiagoa eta albiste txarragoa da.

Artola: 10 egin, 6 galdu (4 erasoan); Albisu: eginik ez, 8 galdu (1 sakea).

Bengoetxea: 8 egin, 1 galdu (erasoan); Untoriak: eginik ez, 2 galdu (1 sakea).

Tanto boladak: 0-1; 3-3; 4-4; 9-4; 9-6; 10-8; 12-8; 19-10; 20-13; 22-13

Pilotakadak: 364

Partidaren iraupena: 53 minutu.

 

 

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!