Artola eta Albisu ederki Ederrenan

Ataria 2015ko abe. 13a, 21:36

22 eta 19 irabazi diote Olaizola II eta Urrutikoetxea bikote handiari. Partida on-ona jokatu dute biek eta horrek eman die garaipen eder hau Urretxun, txapelketako bigarrena

Urretxuko Ederrena frontoia goraino bete dute Olaizola II-Urrutikoetxea, txapeldu ikaragarriak biak, eta Artola-Albisu bikote gipuzkoar gaztearen arteko partida ikustera bildutako pilotazaleek. Ikusmin handia sortua zuen partidak: Olaizola lesio batetik bueltan zetorren, eta Urrutikoetxea aurrelari atzelari bihurtuak itxura bikaina eman zuen lehen partidan eta aisa irabazi zien Bengoetxea-Untoriari Elezkano herritarraren laguntzarekin. Iñaki Artolak, bere aldetik, sekulako erakustaldia emana zuen aurreko astean Tolosan, baina Jon Ander Albisuren jokoak zalantzak piztu zizkien zenbaiti.

Gorriak, Olaizola-Urrutikoetxea, faboritotzat hartu ditu katedrak hasieran, 100-70eko momioekin, eta 100-50ri ere egon da. Hala hasi da partida. Lehen tantoa, ordea, urdinak egin dute eta hala jarraitu dute ia-ia partida osoan, beti aurretik. 1-1, 4-4, 9-9 berdinketak eta gero, une labur-labur batez aurretik jarri dira gorriak lehen aldiz (10-9). Baina ez du jarraipenik izan, eta Iñakiren bolada on bat tarteko 17-12 aurretik jarri dira urdinak. Gorriak ez dute etsi eta 18-18koa etorri da. Bazirudien txapeldunen esperientziak gaina hartu behar zuela. Baina berdinketa urdinen alde hautsi da tanto arraro batean: Albisuk Olaizolak txokoan utzitako pilota jasotzeko lurrera jauzi egin behar izan du eta luze etzanik geratu da aurreko hormaren kontra, Urrutikoetxeak atzeratu nahian jotako pilotaren bila lasterka zihoala Artola, harekin tupust egin du eta pilotak Urrutikoetxeari berari jo dio. Epaileak ez du zalantzarik izan eta tantoa urdinei eman die gorriek tantoa errepikatzea eskatu badute ere. Beste bi tanto errezkan eginik, hogeita batera heldu dira urdinak (21-18). Gorrien hemeretzigarren tantoa Artolari txapapera joan zaion ezker gantxoari esker heldu da: tantoa ondo landuta, aukerako pilota zeukan alegiarrak eta partida amaitzera joan da, baina ez zaio nahi bezala atera. Horrek ez du kikildu eta hurrengo tantoan aukera berria sortu dutenean, aurrekoa bezain egokia ez bazirudien ere, gorputz eta anima sartu da ezker gantxoz partida amaitzera, eta halaxe amaitu du Olaizolak jiratu ezinik utzi baitu bere ezker gantxo bortitz eta ondo bihurritua. Ikusleria gazteen alde zegoela sumatzen zen ordurako eta burrunba handi batekin hartu du Artola-Albisuri txapelketako bigarren garaipena eman dien hogeita bigarren tanto hau.

Jon Ander Albisuk partida bikaina jokatu du egungo atzelari onenetakoa dela argi erakutsiz: ikaragarri jo, pilota zailak atera, aurrelari aurkariari gutxi utzi eskura, utzitakoan Iñakik bete ezin zituen zuloak betetzen bizkor ibili, eta guztia, ia hutsik egin gabe. Eta Iñakik Tolosan adinako tanto sorta egin ez badu ere, bederatzi tanto eder egin ditu jokoan eta asko behartu ditu aurkariak defentsan dituzten dohainak erakustera. Ez ditu tanto gehiago egin, besterik beste, ezker gantxoz txokoan goxo-goxo utzitako lau pilota harrigarriro harrapatu dizkiolako Urrutikoetxeak eta ez dakit zenbat gantxo Olaizolak. Halere, gogoan izateko gantxoak eta kontrako -lehenik frontisa edo gero ezker-horma joz egiten direnak-  bi bi-hormako dotore oparitu dizkigu; horrezaz gain, mugimendu zein kolpez sasoiko eta fresko dagoela antzematen zaio. Banan banan honela ikusi ditugu eta bikote gisa oso ondo hartzen dutela eta bikain konpenetratzen direla erakutsi digute.

Partida ederra jokatu dute Urretxuko Ederrenan. Bikote gogorra eta ikuskizuna ematen duena osatzen dute eta, bitik bi partida irabazita, momentuz, sailkapenaren buruan daude Martinez de Irujo eta Rezustarekin batera. Iraun dezala bolada onak, luzea da-eta txapelketa hau.

Aurretik, jaialdi berean, Julen Urruzola atzelari asteasuarrak Aritz Lasarekin jokatu du eta 22-13 galdu dute Gorka-Irusta bikote onaren aurka.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!