Hariz 'margotutako' arte lanak

Imanol Garcia Landa 2015eko abenduaren 10a

Gurutze puntuarekin egindako Goretti Eizmendiren koadroen erakusketa ikusgai dago abenduaren bukaera arte Alegiako Erretirodunen tabernan.

Oskar Zelarain euskal presoak egindako gurutze puntuko koadroen erakusketa batetik etorri da bestea. Goretti Eizmendi ikaztegietarrak Alegiako Erretirodunen tabernan koadroekiko interesa agertu zuen, eta berak ere gurutze puntuarekin egindako koadroak bazituela azaldu. «Horrela proposatu zidaten erakusketa jartzearena», azaldu du Eizmendik. Eta, egun, abenduaren bukaera arte bere hainbat lan ikusi daitezke Erretirodunen tabernan.

Orain zazpi urte hasi zen gurutze puntua lantzen eta azkeneko lana abuztuan amaitu zuen. Egunero ordubete inguru aritu izan da, eta berari erlaxatzeko balio izan dio. «Harrapatu egiten zaitu. Koadroa egiten ari zara, eta esaten diozu zure buruari azkeneko puntua emango duzula, baina gero kosta egiten da uztea», esan du. «Jostea bezala da, baina ezberdina, eskulan moduan hartu baitut, koadroak eginez».

30 lan inguru erakutsiko ditu; izan ere, zenbait koadro kendu eta beste batzuk jartzeko asmoa baitu. Horietako batzuk salgai daude. Eskulanak egiten oso gaztetatik aritu da Eizmendi, bai kakorratzarekin, bai makramearekin. Ondoren, eskulanen munduarekin jarraituz, hasi zen gurutze puntuarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!