Gailurrera iristea baino, bidea egitea

Tolosaldeko Ataria 2015ko abe. 9a, 11:15

Bultzada eman diote Alegiako Mendi Asanbladari. Logo berria sortu dute eta taldea berriro indarberritu nahi dute.

 

Alegiako Mendi Asanblada indarberritu egin da. «Une batzuetan pixka bat jaitsita egon da. Izan zen garai bat jende asko ibiltzen zena, eta hainbat arrazoiengatik azkeneko urteetan parte hartzaile kopurua gutxitzen joan da. Irteera batzuk bertan behera geratzen ziren jende gutxik izena ematen zuelako, eta horrek guztiak antolatzaileengan nekea sortzen zuen», esan du Eider Amundarainek, egungo zuzendaritza batzordeko kideak. «Batzuk hasi ziren esaten taldea ez zela galdu behar, erabat desagertuz gero zailagoa delako berriz sortzea. Orain animatu gara batzuk taldeari tiratzera, eta horregatik esaten dugu indarberrituta datorrela».

Indarberritze horren erakusleetako bat logo berri bat sortu izana da. «Irudi berri bat eman nahi genion taldeari. Orain gehiago hasi gara gurasoak haurrekin mendira joaten, eta bide horretan sortu da logo berria», azaldu du Ainara Tomasena zuzendaritzako kideak. «Irudi berria izan daiteke esku bat belar gainean edo zuhaitz bat ere».

Orain 20 urte inguru hasi zuen ibilbidea Alegiako Mendi Asanbladak. «Aurretik ere bazegoen ohitura mendi irteerak egiteko, eta mendi astea antolatzeko», azaldu du Olatz Irazustabarrena zuzendaritzako kideak. «Gero Alegiara etorri zen irakasle bat, Eduardo Tormo, taldea pixka bat dinamizatzen hasi zena, eta Alegiako Mendi Asanblada izena jarri zitzaion». Eskola aldetik hasi zen haurren eta gurasoen parte hartzea bultzatuz. «Dinamika bat sortu zen, urte bukaeran egutegi bat eginez, hilabeteroko irteerak zehaztuz. Pirinioetara irteera bat ere izaten zen eta babarrun jate batekin amaitzen zen denboraldia», esan du Irazustabarrenak. «Urte askotan mantendu izan da dinamika hori, baina gero gutxitzen joan dira irteerak». Azken urteotako dinamika pixka bat aldatzen joan dela diote orain zuzendaritza batzordean daudenak. «Lehen mendira joaten zirenak guraso izan dira, eta ohitura, beharrak eta betebeharrak aldatu egin dira», esan du Irazustabarrenak. «Ezin duzu egin Txindoki igo, gero Ganbora joan eta itzuli. Beste modu bateko mendi irteerak egiten dira; mendi ohiturak aldatu egin dira». Bost-sei orduko mendi irteeratan parte hartzea zaila egiten zitzaiela gaineratu du Amundarainek: «Ez da erraza hainbeste ordurako haurrak uztea norbaitekin, ezta ere haur txikiekin hori dena egitea».

Mendizaletasuna zabaltzen

Egun taldea bultzatzen ari direnak gurasoak direla azaldu dute. «Asmoa da haurrak animatzea eta mendizaletasuna barneratzea. Ez izatea derrigorrezko gauza bat, gu goazelako beraiek ere joan behar izatea», esan du Tomasenak.

Ez dute zehaztuta datorren urtean zer maiztasunekin antolatuko dituzten mendi irteerak. «Udan ere gustatuko litzaiguke Pirinioetara irteera bat egitea, familia giroan», azaldu du Tomasenak. «Joango gara zehazten pixkana».

Irteeren ezaugarriez gain, lekuetara joateko modua ere aldatzen ari dira. «Irteerak kotxean egitea pentsatzen dugu. Lehen autobusean egiten ziren, baina konpromiso hori ekonomikoa zen eta jende aldetik ere bai. Azkeneko irteerak kotxeetan joango garela pentsatuz egin dira, hau da, ez da trabesia moduan egiten, baizik leku batean hasi eta berdinean bukatu», esan du Irazustabarrenak. Bestetik, haurrentzat egiteko modukoak diren ibilbideak izatea. «Ez du esan nahi besteentzat itxita daudenik, baina bai ez garela joango bi mila metroko mendi bat egitera». Mendi Asanbladaren azkeneko irteera Lareo eta Lizarrusti aldera egin zuten. 13 heldu eta 13 haur izan ziren ibilaldian, eta giro oso onean ibili zirela diote.

Taldeari bultzada berri bat emateko bidean, irteeren berri emanez Alegiako eskolatik oharra bidaltzen da etxeetara. «Lehen kalean jartzen ziren kartelak, eta orain, jende gehiagorengana iristeko, oharra bidaltzen da, eta horrek ere laguntzen du zabaltzen. Horrek ere eragin du jende gehiago etortzea, parte hartzean gorakada ikusi da», azaldu du Amundarainek. Alegian zabaldu arren, parte hartu nahi duten edozeinentzat irekita dagoela diote.

Mendizaletasuna «gozatzeko» ekintza bat izatea nahi dutela dio Amundarainek, «eta ez sufritzekoa, lehiakorra... Horrek ere ekarri du gurasoak elkartzea. Elkarrekin joanda, haurrentzako erakargarria delako. Umeek beraien erritmoa jartzen dute. Mendi irteerak izan daitezela ondo pasatzeko ekintza batzuk. Guk horrela nahiko genuke ikusi».

Azkenaldian mendira joatea indibiduala bihurtu dela esan du Irazustabarrenak: «Lehen bazen taldean egiteko ekintza moduan. Azkenaldian nahiko indibiduala bihurtu da eta lehiakorra ere bai: lasterketak, markak,... Niri gustatzen zait mendira joatea ikustera, ikastera, eta gozatzera. Taldean joatea garrantzitsua da eta haurrei ere hori bultzatzea». Eta Amundarainek gaineratu: «Ondo pasatzea eta abentura bat bizitzea, oroitzapen onak utziko dizkien abentura bat». Bere helburua ez dela «nora iritsi, baizik eta bidea nola egiten den», esan du Tomasenak. «Haurrekin edozein gauza txikirekin ere disfrutatzen da».

Elkarlanean beste taldeekin irteerak antolatzeko irekita daudela diote: «Gaztelekuarekin harremanetan jartzea posible da, ikusteko zerbait antolatu dezakegun elkarrekin. Gaztetxea ere hor dago. Jende askok parte hartu izan du Gaztetxetik eta antolatu izan dira irteerak bertatik ere». Tomasenak gogora ekarri du aurten Kultura Batzordeak antolatutako Langaurre Egunean, nola Mendi Asanbladak ere antolatu zuen Langaurrera oinez igotzeko ekimena. «Pixkana joango gara gauzatzen egitasmoak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!