Alegiako Gaztetxea, aurrera begira

Imanol Garcia Landa 2015ko abe. 3a, 10:43

Afaria egin zuten 'Zerbeza Ferie'-ren barruan.

28. urteurrena ospatzen ari da hainbat ekitaldirekin. Aurreko asteburuan Zerbeza Ferie izan zuten.

Zerbeza Ferie-kin hasi zituen Alegiako Gaztetxeak pasa den ostiralean 28. urteurreneko ospakizun ekitaldiak. «Aspaldi egiten zen ferie eta berriro ere antolatu da eta arrakasta handia izan zuen, Gaztetxe guztia bete egin baitzen afarirako», dio Iñigo Ormazabal Gaztetxeko kideak.

Abendu osoan izango dira ekitaldiak, eta era askotarikoa izango direla nabarmendu du Ormazabalek: hitzaldiak, kontzertuak, haurrentzako ekitaldiak, hainbat txapelketa... Asteburuari begira ekitaldi berezia izango da bihar, Bertso Truk egitasmoa hartuko baitu Gaztetxeak. Eskualdeko Harituz taldeko Imanol Irazustabarrena, Iñaki Artola eta Iker Iriarte alegiarrak eta Gernikako bertso eskolako kideak ariko dira bertsotan, desafio moduan. Urteurreneko egun handia abenduaren 12an izango da, eta egun guztian zehar ekitaldiak izango dira, babarrun jatearekin, besteak beste.

Ormazabalek dioenez, «orain pare bat urte belaunaldi berri bat sartu zen Gaztetxean, eta horrek beste indar bat eman dio. Ikusten da urtetik urtera fundamentuak ere gora egin duela, eta antolatzen diren ekitaldietara jende gehiago etortzen da». Bigarren solairuari abiada eman zaiola dio, eta azken ukituak bakarrik falta zaizkiola. «Gaztetxeak bizi berri bat du eta martxan dago».

Egitaraua

Abenduak 3, osteguna

22:00. Poker txapelketa.

Abenduak 4, ostirala

22:30. Bertso Truk, Harituz eta Gernikako bertso eskolaren artean. Ondoren, Ingo al deu? taldearekin erromeria.

Abenduak 10, osteguna

22:00. Dardo txapelketa.

Abenduak 11, ostirala

22:00. Futbolin txapelketa.

Abenduak 12, larunbata

11:00. 7e pasa pilota txapelketako finala.

12:30. Bertso poteoa.

14:30. Babarrun jatea. Jarraian Pottoka taldearen kontzertua.

22:00. Kontzertua: Xaiko, Skasti eta Ziribulio.

Abenduak 16, asteazkena

19:00. Juantxo Agirreren hitzaldia: Amaiur eta Iturissa gune arkeologikoak.

Abenduak 17, osteguna

19:00. Hitzaldiak: Alex Sukia eta Joseba Iztuetaren Ametsetatik gailurretara eta Andoni Arregi eta Peru Ortizen Alpeetara bidaia.

22:00. Ping-pong txapelketa.

Abenduak 18, ostirala

22:00. DJ Session.

Abenduak 19, larunbata

22:00. Mus txapelketa.

Abenduak 23, asteazkena

19:00. Hitzaldia Siriaren inguruan, Karlos Zurutuzarekin: Zer gertatzen da Ekialde Hurbilean?

Abenduak 26, larunbata

16:00. Umeen eguna. Txokolate jatea eta jolasak.

Abenduak 28, astelehena

22:00. Play Backa.

Abenduak 30, asteazkena

16:00. Gaztetxeari buruzko tertulia, eta argazki eta batallita bilketa.

Fumut taldeak emandako kontzertuaren une bat. METALIYO

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!