Abesbatza gonbidatu bat ariko da lehen aldiz Txintxarri Egunean

Imanol Garcia Landa 2015ko aza. 11a, 10:29
Argazkia: Ibon Azpilikueta

Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzekin batera ariko da Elekun korua, larunbateko emanaldian

Hemezortzigarren Txintxarri Eguna ospatuko du larunbat honetan, azaroak 14, Alegiako Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteak. Urtero legez, emanaldia eskainiko dute herriko bi abesbatzek, eta aurten, Legorretako Elekun abesbatzaren bisita jasoko dute. Lehenengo aldia izango da Txintxarri Egunean abesbatza gonbidatu bat izango dena.

Legorretako eta Alegiako abesbatzek duten harremanetik sortu da kontzertua emateko aukera. Iazko maiatzean abestu zuten alegiarrek Legorretan eta larunbat honetan eskainiko dute emanaldia Legorretakoek Alegian. Joan Bataiatzailea deunaren elizan eskainiko dute kontzertua 19:45ean. Garbiñe Orbegozo Txintxarri abesbatzako zuzendariak azaldu duenez, egun berezia izaten da: «Kontzertua bazkideei eta herritarrei eskainitakoa izaten da bereziki».

Txintxarri Txiki abesbatzakoak izango dira abesten lehenak. Hiru doinu eskainiko dituzte Orbegozoren zuzendaritzapean: Xabier Sarasola beasaindarraren Airia, Benito Lertxundiren Egunsentia eta Walter Ehret konpositore estatubatuarraren Mundu berri bat nahi nuke. Ondoren, bost obra abestuko dituzte helduen abesbatzakoek, horiek ere Orbegozoren aginduetara. Mary Lynn musikagile estatubatuarraren Dona nobis pacem obra abestuko dute lehendabizi. Ondoren, Xabier Sarasolaren Neskatx' ederra kantua eskainiko dute. Estiloz erabat aldatu eta Karibeko kostaldeko doinu eta erritmo bat eskainiko dute, Bullerengue hain zuzen. Junkal Guerrero andoaindarrak moldatutako euskal doinu ezagun bat ere abestuko dute txintxarriek, Mutil txaleko gorri. Eta Itoizen Lau teilatu doinu ezagunarekin amaituko dute.

Txintxarri abesbatzako bi abesbatzak ez dira bakarrik ariko. Mariaje Rekondo herritarrak lagunduko die pianoan, eta kanturen batean Mirari Mendizabal ariko da panderoa jotzen eta Ibon Azpilikueta albokarekin.

Bere aldetik, Amalia Ibañezek zuzentzen duen Elekun abesbatzak zazpi doinu eskainiko dituzte, gehienak euskaraz. Jacques Arcadelt Errenazimendu garaiko musikagile frantsesaren Ave Maria abestuko dute lehendabizi. Ondoren, euskal kantugintzan oso ezagunak diren doinuak abestuko dituzte: Alexandre Lesbordesen Ama eta Kantuz, Boga boga, Hiru txito, eta Xabier Sarasolak egindako bi pieza: Goizian porrusalda eta Legorreta. Azken kantua, Sabin Salaberriren Agur zaharra, elkarrekin abestuko dute bi abesbatzek.

Urtean egiten dituzten hiru emanaldi garrantzitsuenetako bat da Txintxarri Egunekoa. Besteak Karmen Egunekoa eta Gabonetakoa dira. «Hiruak tradizio handikoak dira, eta hiruak prestatzen ditugu mimo handiz», azaldu du Orbegozok. Larunbateko emanaldiaren ondoren afaria egingo dute Txintxarri jatetxean. «Aurten, ikusita Elekun abesbatzakoak zetoztela, ez dugu afaria ireki herritarrei. Beraz, bi abesbatzen artean egingo dugu», azaldu du zuzendariak.

Kontzertua San Petri basilikan

Txintxarri Abesbatzak 55. urteurrena du aurtengoa, eta zenbaki borobila izanik, bidaia bat egiteko egokia izan zitekeela pentsatu zuten. «Taldekide baten senitarteko bat Italian bizi da, eta haren bidez harremanetan jarri ginen Erromako Euskal Etxeko arduradunarekin, Alex Mendizabalekin, eta honek jarri gintuen San Petri basilikan musikaren gaiaz arduratzen den monsinore Paolo Colinorekin, berez nafarra, baina urte asko daramatzana Italian», azaldu du. «Ohitura dago egunero egiten diren mezetan abesbatzak abesteko, eta guri aukera eman ziguten horietako batean aritzeko. Hasieran ia ezinezkoa iruditzen zitzaiguna, kontaktu egokia bilatu ondoren lortu zen».

Uztailean izan zen emanaldia. Lekua «izugarria» dela dio Orbegozok. «Esan behar da ere protokoloa oso zorrotza dela, agian gehiegizkoa». Emanaldi hura Joxe Gastesiri, Txintxarri Abesbatzaren sortzaileari, eskaini zioten. «Asko gogoratu ginen emanaldi horretan berarekin. Hainbat meza zuzendu zizkigun».

Erroman izateaz gain Italiako beste hainbat lekutan ere aritu ziren Txintxarrikoak. «Oso ondo pasa genuen», ekarri du gogora zuzendariak. «Horrelako bidaiak oso ondo datozte tadea egiteko. Ordu asko pasatu ditugu elkarrekin, oso adin ezberdineko jendea gaude, eta egia esan giro berezi bat sortzen da horrelakoetan».

Urtea bukatu bitarte beste zenbait emanaldi izango dituzte. Ikaztegietan azaroaren 22an kontzertua eskaino dute, adinekoen eguna dela eta. Gero Gabonetan ohiko saioak egingo dituzte.

Une honetan 28 pertsona daude Txintxarri abesbatzan. «Jende gehiago izanez gero, seguraski hobe izango zen, baina ezin dugu kexatu. Jende aldetik gauzak egiteko aukera ematen du, eta lan txukuna egiten dugu», esan du Orbegozok. Txintxarri Txikin kopuruaren aldetik arazo gehiago daudela dio: «Une honetan 17 kide daude. Horietatik bost neska daude etorkizunean handien abesbatzara pasatzeko moduan izango direnak aurki. Gustatuko litzaiguke adin txikiagoko gehiago animatzea».

Aurtengoa urte berezia da Orbegozorentzat, hogeita bost urte bete baitira Joxe Gastesi zenaren lekukoa hartu eta abesbatza zuzentzen hasi zela. «Gastesik utzi zuenean esan zidan: 'Ni 30 urtez aritu naiz, orain zuri tokatzen zaizu'. Une horretan 30 urte bizitza bat zela iruditzen zitzaidan. Dagoeneko 25 urte pasa dira eta hortxe jarraitzen dugu».

Urte hauetan guztietan Txintxarri abesbatzaren erritmoa aldatu dela dio Orbegozok. «Lasaiagoa da egun. Hasterakoan indar askorekin zaude, ideia berriekin, gauzak zure erara egiteko gogoz. Hainbat urte pasa ondoren, ikuspegi zabalagoa duzu, eta kontzienteagoa zara zer egin dezakezun, gehiago ezagutzen gara elkar, eta beste patxada bat duzu gauzak egiteko». Ilusio handiarekin jarraitzen duela gaineratu du: «Hobetzeko gogoarekin, baina beste lasaitasun batekin, beste patxada batekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!