«Umorez, istorio gordinak kontatzen ditugu»

Imanol Garcia Landa 2015ko aza. 5a, 10:13

Lakrikun antzerki taldeak Non gaude? antzezlana emango du bihar Alegiako kultur etxean. Emanaldia 22:00etan izango da, eta sarrerak salgai daude kultur etxean bertan. Alegia gustuko plaza dute Lakrikunekoek, Alaitz Olaizola dioenez.

Hirugarren aldia izango da Alegiara joaten direla Lakrikun taldekoak. Gurutze Eizmendi, Idoia Uranga eta Alaitz Olaizola dira taldekideak eta azken honek azaldu ditu obraren nondik norakoak.

Ez da lehenengo aldia Alegian izango zaretena.
Orain dela zenbait urte izan ginen trilogiaren lehen lana, Greban gaude, antzezten, eta orain bost urte, azaroan ere, bertan izan ginen bigarren zatiarekin, Prest gaude izenekoa. Gustuko plaza da, jendea etortzen da eta lana gustura egiten den herri bat da Alegia.

Aurreko bi emanaldietan harrera ona izan da, beraz.
Oso presente dugu, eta askotan komentatu izan dugu taldean, bigarren emanaldia egin genuenekoa. Sekulako euri jasa egin zuen eta elkarri esaten genion inor ez zela joango aretora, eta justu kontrakoa gertatu zen: jendea etorri zen, gurekin bat egin zuen eta oso esperientzia polita izan zen.

Zertaz doa 'Non gaude?', trilogiaren hirugarren zatia?
Aurrekoa ikusi gabe, antzezlan honek ere berdin funtzionatu dezake, bakoitzak du bere autonomia. Hiru emakume gara, eta gure antzezlan hauetan emakumeen istorioak azaltzen ditugu. Emakumeekin hitz egin dugu eta hainbat istorio elkarbanatu ditugu. Emakume bezala grebara joatetik hasi ginen, gure errebeldia azaltzetik. Gero bigarrengo zatian buelta eman genion egoera horri eta bizitzari aurre egiteko prest azaldu ginen. Hirugarren honetan erabat ezezaguna zaigun leku batean azaltzen gara. Beti komedia puntu batekin, gure buruari barre pixka bat eginez, errealitate gordinak azaltzen ditugu, baina umore ukituarekin.

Beraz, komediatik dramatik baino gehiago du?
Kontatzen ditugun istorioak gordinak dira. Gauza asko kontatzen ditugu: bikotearekin dugun harremana, amatasuna, sexua... Eta batzuk oinarrian izan daitezke istorio dramatikoak, baina saiatu gara beti gure bizipenetik edo emakume bezala oholtza gainean buelta eman eta irri bide horretatik jorratzen gaiak. Gu ondo sentitzen gara eta datorren publikoak, batez ere emakumeek, bat egiten dute gurekin. Beraiek ere bizi izan dutelako istorio hori edo antzekoren bat. Antzematen da lanean ari zarenean aurrean duzun pertsona horretara iristen ari zarela, bere erreakzioarengatik, eta zure buruan pentsatzen duzu emakume horrek ziurrenik berdina bizi izan duela. Komediatik oso gaurkoak diren gaiak jorratzen ditugu, bereziki emakumeok bizi ditugunak gizarte honi dagokionez.

Zenbat denbora daramazue lanarekin?
Oraintxe justu urte bat da estreinatu genuela. Normalean Azpeitiko Antzerki Topaketetan estreinatzen ditugu obrak. Harrez gero hainbat herritan aritu gara lana antzezten.

Eta zer harrera izan du?
Ona. Jendeak aurreko obrak ezagutzen ditu, badaki zein den gure estiloa, eta aurrekoetan gustura egon denak normalean errepikatu egiten du. Gero, herri batzuk egokiagoak dira. Alegia moduko herrietan gure obrak ondo sartzen dira, herri txikiagoak eta antzerkira joateko ohitura dutenak. Gu pozik gaude gure lanarekin eta jasotzen ari garen berotasunarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!