Bengoetxea bere onenean, Artola onetik aterata

Jexux Murua 2015ko urr. 23a, 23:59

Oinatz Bengoetxeak aise irabazi dio Iñaki Artolari Tolosako Beotibarren, 22 eta 6. Sasoi puntu onean dagoela erakutsi arren, Artolak ez du asmatu Bengoetxearen jokoa hausten.

Partida hasi aurretik, ez dakit zer pentsatzen ariko ziren Tolosako Beotibarrera bildutako 400 pelotazalek, baina nire baitan galdera hauek egiten aritu naiz: zein Bengoetxea ikusiko dugu, denok txoratu ginduen binakako txapelduna eta egungo buruz buruko txapelduna kanporatu zuena finalerdietan, edo joan den astean Olaizolaren aurrean bere onetik aterata 22 eta 5 galdu zuena? Eta zein Iñaki ikusiko dugu, Altuna III.ren aurka 13-3 galtzetik 14-13 irabaztera pasatu zen pilotari bikaina, ala aurretik bere jokoa aurkitu ezinik ibili zen hura?

Txapak gorriari, naparrari, eman dio sakea. Lau eta huts jarri da irabazten Oinatz. Laugarrena saketik egin dio, aurreko hirurak, ordea, antzekoak izan dira: sake oso gaiztoa ederki bueltatu Iñakik, piloteoan luzatu eta mendean hartu orduko saldu jokaldian, bitan txokoan egindako ñakuan, eta Bengoetxeak, zast bukatu! Bengoetxearen bosgarrena ere halakoxea izan da.

Bost eta laura inguratzea lortu du Iñakik. Sakea egin eta leitzarraren erresto loratu eta harrimatura, ezker-horman behera arrastan datorren pilotara, ezker gantxoan sartzea erabaki du alegiarrak; pilota esku-eskura utzi dio, eta Bengoetxeak ez du alferrik galdu opari hau ere: ezker zeharrez zabaldu eta tantoa bere zakura. Gero, beste zazpi alditan ere antzekoa gertatu zaio alegiar gazteari: sake zaila jiratu, lortu piloteoa gailentzen hastea, baina jokaldian saldu eta Bengoetxeak, zast! Hauei gehitutako beste lau sake eta hainbat tanto politi esker jarri da Bengoetxea 20 eta 4 irabazten. Orduantxe egin du Iñakik tanto on-ona; tantoa landu eta ñakua zabaleko punttara. Seigarrena ere egitea lortu du, baina hurrengoan ñaku harroegia egin du zabalera eta Bengoexeak bere-berea duen kontrarako ñakua ezker paretean hilda utzi du. Hogeita bigarrena saketik egin du Artolaren errestoa kontrakantxara joan da-eta.

Batik bat bostetik hogeigarren tantora bitarte horretan bere onetik aterata ikusi dugu Iñaki; derrigorrezko hiru minutuko bi geldialdiek ere ez dute sosegatu. Eta horrela ezin izan du Bengoetxearen jokoari kontra egiterik; gailentzen hasten zen aldiro bere burua saltzen zuen, edo leitzarraren joko bihurri eta azkarraren sarean erortzen zen. Eta honetan naparrak aurkari gutxi du, baldin badu.

Oinatz Bengoetxea, berriz, bere onenean aritu delakoan nago. Oso ondo sakatu du -Iñaki sakeak bueltatzen ondo aritu da, asko hobetu du txapelketa hasi zenetik- , pilota bizi mugitu du, bere-bereak dituen aire eta boteko jokaldi oker madarikatuak bikain egin ditu, erritmo azkarra eman dio jokoari, eta aukera txikiena izan duenean, on-on-ona izan ezta ere, zast bukatu du tantoa. Konfiantza berreskuratzeko ongi etorriko zitzaion. Halere, nire iritzirako, erregali gehitxo egin dizkio Iñakik, eta maila honetako pilotariari erregalirik ez dago egiterik; egin gabe ere oso zaila da hauei irabaztea.

Gure gazteak, berriz, ahala baduela erakusten du jokatzen duen aldiro. Orain dela urtebete baino pilotari hobea dela ez dago zalantzarik, baina goi-mailan detaile txikiek zulo handiak irekitzen dituzte. Halaxe ikusi da gaur Tolosan, eta halaxe ikusi zen joan den astean Donostian. Lanean jarraitu beharra dago, etsi gabe. Datorren astean Aimar Olaizola, kaiolako fenomenoa. Ez da aurkaririk errazena, baina hain denbora laburrean bere aurka buruz buruko txapelketa ofizial bateko partida jokatzera heltzea bada zeozer. Ea bere benetako maila emateko zoria duen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!