Alegiako argazkizale taldea berriro jarri da martxan

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 21a, 10:55

Estenopeika kamerari buruzko ikastaroarekin hasi dira; ostegunero elkartuko dira. Ibon Azpilikueta da bere dinamizatzailea.

Aspaldidanik dago Alegian argazkizaleen talde bat, baina orain bultzada berri bat eman nahi diote. «Azken urteetan egin duen lana argazki zaharrekin urteroko egutegia ateratzea izan da», azaldu du Ibon Azpilikuetak, taldea berriro dinamizatzen hasi denak. «Buruari buelta batzuk emanez, asmoa nuen afizio hori zabaltzeko eta hainbat ekintza egiteko. Elkartu ginen batzuk, gauza batzuk egiteko gogoz geundenak, eta hasi gara biltzen. Aitzakia horrekin hasi gara estenopeika edo ingelesez pinhole izeneko kameraren ikastaroarekin».

Estenopeika kamerarena izango da aurreneko ikastaroa, eta ostegunero kultur etxean biltzeko ohitura hartu dute, bai ikastaroa lantzen joateko, eta baita bestelako ekimenak antolatzeko ere: ikastaroak, erakusketak, bideo emanaldiak, film bat argazkilaritzarekin lotuta, lehiaketa... 18:00etan hasita eta 19:00ak edo 19:30ak arte izango dira bertan. Nahi duen guztientzat irekita dagoela azaldu du Azpilikuetak: «Herrikoentzat zein kanpotarrentzat zabalik dago, argazkilaritza gustatzen zaionari eta ikasteko gogoz dagoenari».

Estenopeika kamera «gauza oso sinplea» dela esan du Azpilikuetak. «Hoberena ikustea da. Edozein kaxa hartu behar da, baldintza batzuk behar dituena, neurri batzuk, zulo txiki bat duena txapa batean, 0,4 edo 0,5 milimetrokoa, eta barruan beltz matez margotuta. Gero argazki papera jarri behar da, eta horrekin jolastu, zuloak zenbat denboran egon behar duen zabalik ikusiz». Ondoren, argazki paperean lortutakoa errebelatzen ikasiko dute. «Argazki benetan txukuna ateratzen da. Sinpleena izan daitekeen kamera batekin, zapata kaxa bat edo Cola Cao pote batekin, argazki oso txukunak atera daitezke».

Ikastaroa eginez, eskuan argazki askorekin aterako direla dio Azpilikuetak. Aspaldidanik zuen estenopeikari buruz gehiago jakiteko gogoa eta Andoainen izan zuen horretarako aukera. «Oso esperientzia polita izan da. Gero han bertan eskolako ikasleei erakutsi ahal izan nien, eta orain argazkizale taldearekin hasteko ekimen polita zen, eta aurrera egin dugu».

Aurrera begira badituzte taldean zenbait ideia gehiago, «horietako zenbait berritzaileak, baina ez ditugu orain azalduko», tartean pelikula bat ematearena, beste ikastaroren bat teknika berriekin, hitzaldiren bat, erakusketaren bat herritarrek egindako argazkiekin...

Gaur egun argazkiak ateratzea «erraza» dela dio Azpilikuetak. «Garai batean garestiagoa zen, adibidez argazki bat ondo atera zitzaizun ala ez jakitea. Gaur egun gaizki atera bada, errepikatzea errazagoa eta merkeagoa da». Halere, horrek beste joera bat ekartzen duela dio: «Gero eta argazki gutxiago erakusten dira. Eta nire ustez, argazkilaritzaren zikloa bukatzen da argazki hori beste batek ikusten duenean, eta gaur egun hori ez da gertatzen».

Hori horrela, Azpilikuetak jorratzeko dagoen bide bat ikusten du: «Nola lortu, adibidez, herrian egiten diren argazkiak erakustea. Herriko festetan, esaterako, ateratzen dira dantzariak, norbait abesten, beste ekitaldi batzuk, baina gero galdu egiten dira argazki horiek. Atera orduko galduta daude, ez dira beste bati erakusten. Hor falta da hari bat, ez dakit nola, zikloa ondo borobiltzeko argazkia norbaiti erakutsiz». Faltan botatzen du herriari begira, baina baita etxe barruan ere: «Oso gutxik ateratzen dituzte gero paperera edo album batera egindako argazkiak. Gero eta argazki gehiago egiten dira, baina gero eta gutxiago ikusten dira. Galtzen ari den gauza bat da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!