Pintzel libre eta koloretsua

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 9a, 09:01

Maria Jesus Urteagaren margolanak ikusgai daude Alegiako Erretirodunen tabernan.

Bere lehen erakusketa Berastegin jarri ondoren, aurtengo herriko festetan, azken 11 urteak herri horretan bizi den Maria Jesus Urteagak bigarrena Alegiako Erretirodunen tabernan jarri du. Hil honen bukaera arte egongo dira ikusgai bere margolanak.

Ugartek «ilusio handiz» hartu du bigarren erakusketa bat egitea: «Ez nuen espero horrelako gauza bat. Berastegin esan zidaten jaietarako jartzeko, herrian bazekiten batzuek margotzen dudala-eta. Ilusio handia egin zidan Berastegin jartzea, eta orain Alegian». Gainera, bere ama Alegiakoa zen, «adineko jendeak ezagutzen du, eta poza ematen dit herri horretan jartzeak».

Aste honetan bertan jarri dute erakusketa. Berastegin hogei lan inguru jarri zituen, eta Alegiako tabernaren, espazioa txikiagoa denez, dozena bat inguru daude ikusgai. «Paisaiak margotzen ditut, eta ez ditut koadro definituak egiten, pintzel pasaldi lodiagoa daukat, eta kolore askorekin gustatzen zait margotzea. Eta nahiko libre margotzen dut. Ez dakit horrela politagoa den, baina niri asko gustatzen zait».

Urteagari beti gustatu izan zaio margotzea, «zintzilik nuen ikasgaia», eta erretiroa hartu ondoren hasi da horretan. Tolosako kultur etxean aritzen da. «Astean bitan joaten naiz, eta giro oso ona dago gure artea, oso gustura joaten naiz». Zenbait urtetan utzi behar izan zuen margotzeari, baina azken bost urtetan dabil jarraian horretan, eta orain ez du utzi nahi «ezerrengatik».

Koadroak erosteko aukera du horretarako interesa duenak. Berastegiko erakusketan bi saldu zituen. «Nik uste dut polita geratu dela erakusketa. Denetarik dago: baserriak, itsasoa, dantzari bat...». Urteagari «satisfakzio handia» ematen dio margotzeak. «Ikusten dut agian beste pertsona batzuk trebeagoak direla, beste estilo bat dutela, baina ni oso gustura nago egiten dudanarekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!