«Bigarren diskoarekin gusturago geratu gara; lehena baino borobilagoa izan da»

Mikel Iraola 2015ko urr. 3a, 10:00

Bi Balak bere bigarren diska, Gure eroyak deiturikoa, aurkeztuko du hilaren 17an Bonberenean. Julen Goikoetxea alegiarra taldeko bateria jotzailea da.

Bi Balaren, bigarren bala dator.
Halaxe da, bai. Ezin esan lan hobea edo okerragoa denik, baina gu gusturago geratu gara, borobilagoa izan da. Dena den, hori guk esan baino, jendeak esan beharko du.

Autokritika eta inguruari barre egitea dira zuen letren ezaugarri nagusienak. Bigarren disko honetan zeri begiratuko diozue?
Autokritika pluraltasunean egiten dugu, beti ere gure buruarengandik hasita. Uste dugu hori garrantzitsua dela, besteengatik gaizki esaka aritzea edo besteei kritikatzea bezain garrantzitsua baita zure buruari kritika egitea, denok ditugulako kontraesanak. Disko honetan gizarteak dituen kontraesanak jorratzen dira gehienbat: gizarte matxista, feminismoaren aldarria eginez; pertsonen zurikeria, Ertzaintzari egindako «ereserki» sarkastiko bat...

'Bertsoindie' etiketa ezarri zizueten. Estilo bera mantendu duzue ala aldaketa izan da orain?
Zerbait aldatu da, taldeak denbora gehiago daramalako elkarrekin jotzen. Lehen diskoaren kasuan, kantuak egiten hasi ginen eta gero disko batean biltzea otu zitzaigun. Oraingoan, aldiz, kantuak diskoari begira egin ditugu. Oraingoan, pop-rock estilo markatuagoa du diskoak. Lehen diskoan bala galduak bezala ziren kantuak, handik eta hemendik bildutakoak. Oraingoan, lotura gehiago dute euren artean.

'Wasabi'-rekiko, beraz, ezberdintasunak nabarituko dira.
Letretan eta autokritikan antzekotasuna izango du. Musikalki, bai, landuagoa da. Kantuak grabatzen hasi aurretik denbora gehioago eskaini diegu, aldaketak eginez, frogatuz...

Bertsogintzan musikak lekua duela ere aldarrikatzen duzue.
Bai, eta adibidetako bat hauxe da. Beti diogu 2013ko Bertso Egunean sortu zela Bi Bala, baina orain, buelta bat, bi, hiru eta lau t'erdi ere eman dizkiogu taldeari. 2013ko hartatik orain artekoan aldatu da taldea, baina muina beti bera da.

Zertan aldatu da, ba?
Esan bezala, oinarria bera da, letrak eta musika. Bertso egitura dute kantuek orain, baina entzulea ez da jabetuko zortziko txikia den edo ez. Musikan orokortu da Bi Bala, talde bezala indarra hartu du, nahiz eta letrek bertso oinarria izan.

Bertsogintzak eta euskarak ere lekua izan dute Alemanian uda honetan.
Bai, esperientzia bikaina izan da. Gurea bezalako proiektu batekin hemendik ateratzea gauza oso ona da guretzat. Bertakoek ere lan izugarria egin zuten. Izan ere, guk kontaktu bat izanagatik ez dugu ezer bermaturik. Haiek ez balute sustatuko, ez litzateke inor joango, eta zentzu horretan bertakoek eginiko lana ikaragarria izan zen. Berlinen eta Munichen izan ginen. Azken honetan, Euskal Etxerik ez zegoenez, etxe okupatu baten eman gernuen kontzertua. Goserekin batera jo genuen, eta lehenagotik ere han izanda zeudenez, batzuk bazituzten erreferentziak, baina beste asko kuriositate hutsagatik bertaratu ziren. 

Estreinaldirako urduri al zaude?
Oraindik ez, baina jarriko gara. Geldiezina da. Kantuak ez dira berriak guretzat, baina jendaurrean lehen aldiz eskainiko ditugu. Niri behintzat beti errespetua ematen dit horrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!