Alegiako karmenak 2015

157 kiloko harria bi aldiz altxatzea lortu du Idoia Etxeberriak

Jone Amonarriz 2015eko uztailaren 20a

Historia markatu zuen oriotarrak, beste behin, Harri-jasotzaileen X. Txintxarri Sarian. 157 kiloko harria behin jasotzearekin gainditu zuen helburua, baina harri errektangularra bi aldiz altxatzea lortu zuen, hiru minutuko txanda bakarrean. 

Indartsu dator Etxeberria (Orio, 1992) gazte gaztetatik. 140 kiloko harria altxatu zuen lehen emakumea izan zen, 2011. urtean. Gero, urtebetez izan zen harriak jasotzeari utzita. 2012an, 150 kiloraino igo zuen errekorra eta 2014an, bigarrenez Euskadiko txapelduna izatea lortu zuen. Aurtengoan, errekorra 157 kilotan utzi du, hogeita hiru urterekin.

Harri-jasotzaileen X. Txintxarri Saria ospatu zuten Alegian. Bertan izan zen Aimar Irigoien harrijasotzailea ere. Irigoienek marka ahalegina egin behar  zuen, baina lesio bat tarteko, hitzordua atzeratzea eskatu zuen, eta erakustaldia eman zuen. Goenatxo II.ak 200 kiloko "Paskualtsoro" harriarekin 2004. urtean jarritako marka hobetzen ahaleginduko da errekuperatutakoan.

Ekitaldian Jon Irazu eta Eneko Saralegi aizkolariek ere erakustaldi ederra eskaini dute, eta irudi ikusgarriak utzi ere bai.

Txintxarrien hotsarekin amaitu ziren aurtengo jaiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!