Zein da maiatzaren 24ean lortutako emaitzen inguruko balantzea?
Lehenengoa, herritarren boto kopuruen gehiengoa lortu genuela, beraz, beste lau urtetarako udal gobernuaren ardura eman digute berriro, eta hori da garrantzitsuena. Bigarrena, boto galera bat izan dela EAJren igoerarekin lotuta.
Bigarren aldiz aurkeztu zara zerrendaburu. Nola izan da erabakia?
EH Bilduko herri mailako mahaian hitz egin zen zerrendak osatzeko. Bertan proposatu zen alkate moduan jarraitzeko aukera, eta nik, izandako esperientziarekin eta lau urteko ibilbideak emandakoarekin, sentitzen nuen jarraipen bat eman eta martxan dauden proiektuei garapen egoki bat emateko oraindik lana bazegoela. Ez banuen jarraitu, lanak erdi eginda utziko banitu bezala geldituko nintzen. Legealdi hau etxeko lanak ondo eginda eta bukatuta uzteko helburuarekin hartu dut.
Zein da aurreko legealdiaren balantzea alor pertsonaletik?
Oso esperientzia aberasgarria, bere alde on eta txarrekin. Pertsonalki gehien eragin didana ikuspegi aldaketa ekartzen dizula da. Zure ikuspegi partikularretik haratago, ardura publikoa duzunean, ez duzu pentsatzen pertsona baten interesen ikuspegitik, baizik eta herritar guztien ikuspegitik. Pertsona batek egiten dizun eskaria arrazoizkoa iruditu arren, pentsatu behar duzu 100 pertsonek eskaera berdina egiten badizute, zer erantzun behar duzun. Horrek begirada zabalagoa izatera behartzen zaitu hartu behar den edozein erabakitan.
Udalaren jardunaren inguruan zer balantzea egiten duzu?
Legealdi gogorra izan dela azpimarratuko nuke, batez ere alde ekonomikotik ikusita, eta herritarren bizi baldintzak asko gogortu dira. Une batzuetan inpotentzia sentitu dugu, herritarrak etorri direlako bere oinarrizko behar batzuk ase gabe zeudelako, eta horiei zuzeneko konponbidea ezin genielako eman. Gainera, hainbat proiektu hozkailuan utzi behar izan ditugu baliabide faltagatik. Hori kontuan hartuta, halere uste dut lan txukuna egin dela, eta eskura geneuzkan baliabideak ondo aprobetxatu direla. Saiatu gara elkarlanean eta elkartasunarekin lan egiten. Garrantzitsuena herritarren alde lan egiteko borondatearekin aritu garela eta hori baloratu behar den kontua da.
Zer proiektu dituzue datozen lau urteetarako?
Iragan legealdi bukaeran martxan jarri genuen herriko hirigintza plan orokorrari bukaera ematea. Bestalde, aurreko legealditik martxan jarri genuen aurrekontu parte hartzaileen bidez, herritarren parte hartzea bultzatzea. Aberasgarria da ikuspegi guztiak barne hartuko dituen lan metodologia bat martxan jartzea. Bestetik, ondo egin dena mantentzea eta bermatzea, eta ahal den neurrian hobetzea. Adibidez, kultur etxearen funtzionamendua, edo hondakinen bilketa.
Hain justu, hondakinen bilketan, aldaketarik izango da?
Guk aukeratutako norabidea zuzena da. Etorkizun bat izan behar badugu bizi garen planeta honetan, askoz ere modu arduratsuagoan jokatu beharko dugu. Noranzkoan asmatu dugu, agian ez sozializazioan. Pena handia emango lidake, polemika guztien gainetik urteotan aurreratu den guztia legealdi honetan atzera egitea.