Adierazpenaren garrantzia

Ataria 2015eko ekainaren 12a

Alegiako Erretirodunen tabernan ikusgai daude Mila Mendiaren artelanak ekainaren bukaera arte.

Mila Mendia beasaindarraren artelanak ikusgai daude Alegiako Erretirodunen tabernan hil honen amaiera arte. Margolanak eta zeramikarekin egindako lana daude zintzilik. Mendiak gustura hartzen du bere lanak taberna batean erakusteak: «Bertara joaten denak ikus dezake. Etxean edo tailerrean egon beharrean, han badaude eta jendeak aukera badu ikusteko, gustura nago».

Margolanen artean paisaiak daude, tartean txuri-beltzean, «tristura azaltzeko», eta berak sortutakoa. Beste batzuk koloretan daude, horietako bat etxetik ikusten dena eta beste batzuk naturan margotuak. Zeramikarekin egindako artelanei dagokionez, bere sormenetik ateratakoak dira. «Batzuetan tristura agertu nahi nuen, adibidez bi pertsona triste paseatzen daudenak, eta beste batzuetan lore batzuk jarri egin ditut. Une bakoitzean ateratzen zaidana egiten dut: tresna hauek ditut, buztin zati hau, eta hortik abiatuta ateratzen zaizkit lanak». Mendiak gaineratu duenez, «sormenerako ez dut zailtasun handirik».

Artearen munduan bere ibilbidea pinturarekin hasi zuen. «Zeramikarekin hasi nintzenerako oso barneratuta nuen pintura. Nik zeramikan egin nahi nuena zen batez ere eskultura, baina pintura etortzen zait burura ere. Horregatik plaketan egiten ditudan lanek zerikusia dute pinturarekin. Eskulturak ere egiten ditut, baina ez ditu eraman Alegiara».

Mendiarentzat artea «barruan duzun zerbait ateratzea» da: «Gustatzen zait egitea eta baita artelanak ikustea ere. Eta batzuk teknikaren esklaboak direla ikusten dut. Nik nahiago dut adieraztea. Teknika behar da, baina ez da hainbeste kezkatu behar horrekin. Garrantzi gehiago ematen diot zer adierazi nahi dudan lan horrekin, zer ateratzen zaidan barrutik».

Erretirodunen tabernan ikusgai dituen lanak ere salgai ditu Mendiak. Halere, berak dioenez, «oso zaila izaten da» lanak saltzea. Interesa duenak, tabernan bertan galdetuta jarri daiteke berarekin harremanetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!