'Barrio'-ko festak berreskuratuko dituzte

Imanol Garcia Landa 2015ko eka. 11a, 10:59

Alegiako Larraitz auzoan egun osoko festa egingo dute larunbatean; asmoa auzoari «bizi pixka bat» ematea da. Imanol Ormazabal auzokideak azaldu du festaren nondik norakoa:

Orain urte asko Alegiako Larraitz auzoan, alegiarrek Barrio deitzen diotenean, festak ospatzen ziren sanpedrotan. «Abaltzisketako Larraitz auzoan sanpedroak ospatzen direla-eta, hemen ere horrela egiten zuten», dio Imanol Ormazabal auzokideak. Berriro ere, Barrio auzoari bizi gehiago emateko asmoz, festak antolatzea pentsatu dute zenbait auzokidek. «Bada urte eta erdi pintxo potea antolatzen dutela ostiraletan auzoan dauden pare bat tabernek», esan du Ormazabalek. «Azkenaldian nahiko jendetsua izaten da, eta pentsatu genuen aukera izango zela larunbat bat antolatzea festa giroan. Ea jendea etortzen den, ondo pasatzen dugun denok eta auzoari bizi pixka bat ematen diogun».

Larraitz auzoari Barrio deitzearena aspalditik dator. «Alegia hazi zenean, auzo txiki bat joan zen sortzen hemen eta Larraitz izena jarri zitzaion. Baina ohituraz txikitatik ikasi duguna da Barrio deitzen eta gure helduek ere horrela deitzen diote», esan du Ormazabalek. Ohiturarekin jarraituz, jai egunari Barrioko festak deitu diote.

Eguna aukeratzerakoan egutegia izan dute kontuan: «Uda aldera egin nahi genuen, eguraldi ona ahal den gehiena ziurtatzeko. Sanjoanak datoz orain, eta horren ondoren festaz josita dago egutegia. Eta pentsatu genuen ekainaren 13a aukeratzea». Datorren urtean, festek jarraipena badute, ikusiko dute zer egunetan eta zenbat egunetakoak egiten dituzten.

Egitaraua herrikoekin osatu dute batez ere. Ginkana haurrentzat ere lehen egiten zen, eta hori antolatzen zutenei gonbitea luzatu die berriro ere egun horretarako antolatzeko. Kalejiran Loatzo musika eskolakoak ariko dira, Sutarri dantza taldekoekin batera. Bazkariaren ondoren herriko Imanol Irazustabarrena eta Mikel Artola bertsolariak ariko dira. Arratsaldeko erromerian Elortza eta Larrañaga urretxuarrak ariko dira. Eta gauean Alegian tradizioa den zahagiardoa izango da. «Ezin da festarik egin zahagiardorik gabe», dio barrez Ormazabalek. «Gauean, ez dugu asko luzatu nahi, eta trikiti pixka bat edo kontzertu txikiren bat izango da».

Bazkarian parte hartzeko ez dute izen emateko zerrendarik jaso. Paella erraldoi bat egingo dute, 80 pertsona ingururentzat, eta behin bazkaria bukatuta, gastuak bazkaltiarren artean banatuko dituzte. «Ikusten badugu jende gehiago etortzen dela, prestatuko dugu beste zerbait». Arratsalderako ekitaldi berezia antolatu dute: Asto errife. «Bazkarian zenbakiak erosteko aukera emango diogu jendeari eta gero zenbaki horiek plazan margotuko ditugu», dio Ormazabalek. «Asto bat utziko dugu plaza inguruan lotuta eta bere beharrak lehenengo aldiz zein zenbakiren gainean egiten dituen begiratuko dugu. Zenbaki hori erosi duenak eramango du ekitaldi horretan jasotako dirua»

Festaren antolakuntzak sortuko dituen gastuei aurre egiteko, herriko komertzioek emandako produktuekin otarra osatu dute eta txartelak saltzen ari dira egunotan. Udalari ez diote diru laguntzarik eskatu, baina bai festa aurrera ateratzeko beharrezkoa den azpiegitura.

Egitaraua

Ekainak 13, larunbata

10:00. Ginkana haurrentzako.

Ondoren. Kalejira trikitilari, herriko txaranga eta Sutarri dantza taldeko kideekin.

14:30. Herri bazkaria. Jarraian bertsolariak, mus jokoa eta erromeria Elortza eta Larrañagarekin.

Arratsaldean. Asto errife.

21:30. Zahagiardoa eta trikitia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!