Hauteskundeak 2015. Emaitzak

EH Bilduk irabazi du Alegian

Ataria 2015eko maiatzaren 24a

Atzoko bozketak erakutsi zuen bezala datorren lau urtetan Unai Iraolak jarraituko du Alegiako alkatetzan, bigarren legealdia izango da alegiarrarentzat.

Hala ere, atzoko bozketan 182 boto gutxiago eskuratu zituen duela lau urteko emaitzekin alderatuz gero. «Pozik gaude irabazi dugulako» baina «herriaren soziologia erakusten dute oraingo datuek», Unai Iraolaren ustetan.

«Duela lau urte hauteskundeak egoera berezi batean egin ziren», gogoratu du Iraolak eta horrela «herritarrek EH Bilduren apustuaren alde egin zuten». Atzoko hauteskundeak bitartean lau urteak «gogorrak» hitzarekin kalifikatu ditu Iraolak: «Oposizioak hedabideetatik lau urteko aurre-kanpaina egin du».

Gauzak honela, atzokoan lortutako emaitzak «herritarren benetako ordezkapena, justuagoa» dela jakinarazi nahi izan zuen Unai Iraola alegiarrak. Honekin guztiarekin EH Bilduren zerrendaburua «lortutako emaitzekin pozik» azaldu zen. Eta azkenik bere balorazioa «legitimatuta gaude berriro gobernatzeko», esanarekin laburbildu nahi izan zuen.

EH Bildu behera, EAJ gora
EH Bilduk atzokoan 456 boto eskuratu zituen (638 2011ko udal eta foru hauteskundetan), EAJk 278 (105 2011n), PSE-EEk 24 (35 2011n) eta PPk 10 (26 2011n).

Abstentzio mailari erreparatuz gero, duela lau urteko abstentzio maila %33,06koan kokatu zen eta atzoko bozketan ordea Alegian bozkatzera deituta zeuden herritarren %37a ez zen bozkatzera joan.

Hautetsi kopuruari begiratuta, 2011ko udal eta foru hauteskundetan Bilduk 7 hautetsi eta EAJk 2 eskuratu bazituen ere, atzoko datuen arabera udalaren osaketa ondorengoa izango da:EH Bilduk galdu duen zinegotzia (6 izango ditu aurrerantzean) EAJk irabazi du (3 zinegotzirekin geratu da).

PSE-EE alderdiak 24 boto jaso ditu, 2011n 35 izan ziren alderdi sozialistak jaso zituenak. PPk atzo 10 boto lortu zituen eta duela lau urte berriz 26. 28 boto zuri ere zenbatu ziren Alegiako hautetsietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!