Festetako kartela aukeratzeko ordua Alegian

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 21a, 11:33

Maiatzaren 31ra bitartean herritarrek bozka bidez aukeratuko dituzte lan irabazleak

Alegiako Udalak herriko festak iragartzen dituen kartelaren aukeraketa herritarren esku utzi du. Lehiaketa bidez aurkeztu dira kartelak, eta epaimahaien eskutik pasa ostean, bozkatzeko unea iritsi da.

Alegiako Festa batzordeak, aurtengorako, kartel lehiaketaz gain, logotipo lehiaketa bat ere antolatu du jaietako egitarauaren azalean eta karteletan jartzeko. Lanak jasotzeko epea maiatzaren 15ean amaitu zen, eta bost kartel eta hiru logotipo aurkeztu dira lehiaketara.

Orain lan irabazleak aukeratzeko garaia heldu da. Erabaki hori hartzea herritarren esku utzi duenez festa batzordeak, atzotik hasi eta hilaren 31a bitartean, aurkeztu diren lanen erakusketa egongo da Jubilatuen taberna. Herritarren txanda da, eta ikusgai jarri diren lan horien guztien artean gehien gustatzen zaienari eman beharko diote botoa.

Horretarako, eskuorri batzuk egongo dira tabernan bertan, eta horiek betez eman ahal izango da botoa. Kartel eta logotipo bakoitzak zenbaki bat izango du eta eskuorri horretan, gustuko kartelaren eta logotipoaren zenbakiak jarri beharko dira. Parte hartzaile bakoitzak bere datuak ere jarri beharko ditu eskuorrian, eta pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du. Parte hartzaile guztien artean gazta eta ardo botila bat zozkatuko dira.

Festa batzordeak ekainaren 1ean, astelehenean, jasoko ditu eskuorriak eta orduan jakinaraziko dira kartel eta logotipo lehiaketako irabazleen izenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!