Langaurre Eguna beste modu batera antolatuko dute

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 30a, 12:51

Norberak eramango du bere janaria, eta edaria udalaren kontu izango da. Nati Murua Kultura zinegotziak eman du antolakuntzaren berri.


 

Kolokan izan da aurten Langaurre Eguna egingo zen, baina azkenean kultura batzordeak aurrera egitea erabaki du. Hori bai, zenbait aldaketa izango dira, Nati Murua Kultura zinegotziak azaldu duenez: «60 pertsona eskatu genituen eguna antolatzeko eta azkenean 25ek eman dute izena. Buelta asko eman dizkiogu batzordean, eta azkenean izena eman dutenei errespetuz antolatuko da, baina beste modu batera. Norberak bere janaria eramango du, eta udalak eramango ditu mahaiak, aulkiak eta edaria, ardoa eta sagardoa».

Antolatu den aurreko urteetan, bazkaria prestatu egiten zuen antolakuntza taldeak, eta mahaiak eta aulkiak ere jartzen zituen. «Lan asko suposatzen du eta horregatik egin genuen deialdia, ikusteko zenbat jende zegoen prest lanean aritzeko», esan du Muruak. Maiatzaren 31n, igandea, izango da Langaurre Eguna, eta eguraldi txarra egiten badu, bertan behera geratuko da.

Egunerako izena eman behar da, azpiegiturak antolatzeko, eta horretarako aukera Erretirodunen tabernan, Hilario Berri tabernan eta Iskiña tabernan. Izena emateko azken eguna maiatzaren 10a da.

Aurrera begira, antolakuntzan jende kopuru handia behar denerako, kultura batzordetik hausnartzen ari dira aurretik deialdia egitea, jakiteko zenbat pertsona dauden prest lanerako eta horren arabera ekitaldiak antolatzeko. «Aurreko Gabonetan ere deialdia egin zen eta bost pertsonek bakarrik eman zuten izena», dio Muruak. «Beste herrietan ere entzuten da boluntario aritzeko jendea lortzea ez dela erraza».

Langaurre Eguna izango da udaberriko egitarauaren ekitaldietako bat, baina beste hainbat ere antolatu dira.

Zikinkeria, Langaurren

Eguraldi onak hasi direla eta, Langaurrera bazkaltzera joateko ohitura ere hasi da. Baina udaletik azaldu dutenez, azken egunetan zikinkeria topatu da Langaurren. «Ikusi dugu bazterrean utzi dituztela hondakinak», esan du Muruak. «Udaletik eskatzen dugu hondakin horiek Langaurretik jaisteko. Bertan edukiontzirik ez jartzeko erabakia hartu zen. Langaurrera joaten direnek sortzen dituzten hondakinak bertatik eraman behar dituzte, norberak sortu dituenak direlako. Azken finean, Langaurre topatu duten bezala utzi behar dute».

 

Udaberriko Egitaraua

Maiatzak 4, 11, 18 eta 25, astelehenak

16:30-17:30. Dantza ikastaroa 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzat, kultur etxean.

Maiatzak 15, ostirala

21:30. Aulki Hutsak dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia, zineman.

Maiatzak 23, larunbata

Intxurre futbol taldearen denboraldi amaierako festa, plazan.

Maiatzak 31, igandea

Langaurre Eguna.

Ekainak 5, ostirala

16:00. Poxpolo ta Konpainia, eskolako patioan.

22:00. Sutarri dantza taldearen emanaldia, Elorri pilotalekuan.

Ekainak 9, asteartea

10:00-12:00. Tolosaldeko baliabideak ezagutu, kultur etxean.

Ekainak 20, larunbata

16:00. San Juan eskolako ikasleen ikasturte amaierako jaialdia, Elorri pilotalekuan.

Ekainak 23, asteartea

21:00. San Joan sua, plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!