Bigarren aldiz antolatu dute Azoka Ekologikoa Alegian

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 24a, 12:15

10:00etatik 14:00etara, bederatzi postu izango dira Alegiako baratze parkean. Garikoitz Zubillagak xehetasun gehiago eman ditu Ataria Irratian.

Azoka ekologikoaren bigarren edizioa ospatuko da igandean, Alegiako Baratze Parkean. 10:00etatik 14:00etara bederatzi postu izango dira. Alegiako Udalak, Kutxa Fundazioak eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak lagunduta antolatuko du aurtengo edizioa Alegiako Beloztegi Herri Baratza elkarteak.

Alegiako Udala eta Kutxa Ekogunea fundazioaren arteko hitzarmenaren haritik sortu zen duela hiru bat urte Beloztegi Herri Baratza elkartea. Herritarrei lur sail bat kudeatazeko aukera eman zitzaien. Deialdia luzatu zuen udalak eta 30 - 40 lagun animatu ziren herri baratzan hastera. 44 lur sail diltu Alegiako baratze parkeak.

Herritar horietako bat da Garikoitz Zubillaga: «Konpromisoa hartu genuen ekologikoan ekoizteko eta egia esan jende dezente animatu ginen. Gora-beherak izan dira hiru urte hauetan, baina elkarteko kide kopurua mantendu egin da». Oraindik ere, lur sail batzuk libre dituzte baratze parkean eta animatzen diren herritarrek izena eman dezakete Alegiako udaletxera deituta.

Elkartean sartzen denak alokairua ordaindu behar izaten du. 60 euro izaten dira urtean. «Kopuru horri gastu kolektibo batzuk gehitu behar izaten zaizkio, esate baterako, simaurra ekarri behar izaten denen, baina ez da gastu izugarria izaten», nabarmendu du Zubillagak.

Beloztegi Herri Baratza elkartean aritzen diren herritarrak asanbladan biltzen dira eta erabakiak adostuta hartzen dituzte. Bilera horietako batean bururatu zitzaien azoka bat egiteko ideia eta hortik abiatuta antolatu dute aurtengo azoka hau ere.

Bigarren azoka ekologikoa

Goizeko 10:00etatik 14:00etara egingo dute azoka Alegiako Baratze Parkean. Beloztegi auzoan dago kokatuta parkea, «herritik aparte samar geratzen da eta kanpotik etorriko den jendearentzat kartelak jarriko ditugu igandean bidea erakusteko».

«Iaz zalantza handiekin abiatu genuen ekimena, ez genekien zein harrera izango zuen. Zorionez, eguraldiak lagundu eta arrakasta handia izan zuen. Jende asko bildu zen». Aurten beste pauso bat eman nahi izan dute eta hiru postu berri ekarriko dituzte. Zabaldu egin da, beraz, azoka.

Bederatzi postu jarriko dituzte guztira. Azpeitiko Kimu Bat lorezaintza elkartekoak eta Zarauzko Blasenea eta Lurberry mintegietako kideak elkarrekin egongo dira karpa handi batean. Urtaroak horrela eskatzen duelako landatzeko eta ereiteko landare eta fruitu arbolak salduko dituzte eta aholkularitza emango die gerturatzen diren baratzazainei.

Kutxa Ekogunearen eskutik Kimu Bat enpresak tomatearen inguruko tailerra emango du igandean 12:00etan hasita.

Eskualdeko ordezkaritza zabala izango da igandean Alegian. Aldabazahar baserriko kideek euren elikagai ekologikoak eskainiko dituzte. Alegiako Xaxki denda ekologikoko lekaleak, pastak eta elikagaiak jarriko dira salgai. Ibarrako Damasoro baserriak euskal txerriarekin egindako produktuak erakutsiko ditu eta Behieko izenarekin Anoeta eta Altzoko baserritarrek euren esneki eta barazkiak eramango dituzte.

Usurbiletik, Han Goiko baserrikoen arrautzak, flana eta bizkotxoak izango dira eta Zaldibiko Azantza lorategiko loreak ere ikusi ahal izango ditu bisitariak igandean.

DBHko Alegiako ikasleek ere animatu dira aurten. «Haien interesa eskertzekoa da eta pintxoak eta edariak jarriko dituzte ikasturte amaierako bidaiari begira sosak ateratzeko».

Garaian garaikoa

Orain arte lasai egon dira baratzak. Zubillagak esan duenez, «hemengo klimarekin nahiko geldi egoten da baratza neguan. Orain lurrak prestatu, ongarritu eta landatzeko garaia iristen da». Garai honetan hasten dira lur sailak koloreztatzen eta lehen emaitzak ematen.

«Baratza ekologikoa edukitzeak merkatuekiko dugun dependentzia murrizten laguntzen digu eta elikadura subirautza bultzatzen. Nekazaritza konbentzionalaren ordez, gure ingurumenarekin eta osasunarekin bateragarria den ekoizteko forma batean sinisten dugu», nabarmendu du Zubillagak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!