Partida baten faltan, akabo... Aurtengoz!

Jexux Murua 2015ko api. 7a, 18:29

Iñaki Artola eta Joan Ander Albisu bi-bitako Txapelketa Nagusiko finala jokatzeko aukerarik gabe geratu dira Gasteizko Ogetan 15-22 galdu eta gero, Berasaluze eta Zubietaren aurka.


Joan den urteko ekainaren 28an egin zuen debuta Iñaki Artolak. Jon Ander Albisu zuen atzelaria eta, aurkari aurreko koadroetan Pablo Berasaluze. Tolosako Beotibarren jokatu zen partida hura, eta handitxo egin zitzaiola partida aitortu zuen orduan Iñakik. Lesio gogor batetik atera berri, Beginoren laguntzarekin aisa irabazi zieten berriztar artistak alegiarrari eta Albisuri.

Bederatzi hilabete pasatsu geroago bi-bitako Txapelketa Nagusiko finalaurreetako partida erabakigarrian egin dute topo berriro bi aurrelariek apirilaren 6an; orain ere Albisurekin Iñaki, Zubietarekin Berasaluze.  Ez zuten lehenengoa. Hiru partida jokatu dituzte Txapelketa honetan elkarren aurka bi bikote hauek eta, hiruretan, bikote beteranoak irabazi du. Txapelketa honek ez die elkarren aurka jokatzeko beste aukerarik emango. Hirugarrenean agidanez, beteranoek kanporatu egin dute bikote gaztea.

Baina, partida bukatuta, ez du esan Iñakik partida handitxo egin zaionik, irabazi beharrekoa galdu dutela baizik; beraiek galdu dutela, egiten zuten tanto "polit" bakoitzeko bi opari egiten zizkietela aurkariei, hori esan du. Zenbat aldatu diren gauzak bederatzi hilabete eskasetan! Zenbat bizipen, zenbat irakaspen, zenbat gertaera, zenbat hobekuntza eman dira denbora honetan mutil honen ikuspegia, mentalitatea, ahala, aldatzeko! Denbora gutxi da bederatzi hilabete, baina hain emankorrak izan zaizkio!

Partiduak egia esan aurkari hauen aurkako beste bien antza handia izan du. Hiruetan partida irabaz zezaketela eman du. Hiruretan hamalau, hamasei, tanto aldera arte aurretik joan dira; hiruretan partidaren azken txanpan pott egin dute. Hiru partidetan ikusgarri jokatu du Zubietak, etxarriar atzelariak; Berasaluze bera ere, gehiago nabarmendu da defentsan erasoan baino. Eta bikote gipuzkoar gaztearen pazientzia jan dute, hiruretan!

Gasteizen jokatzen zen honi bere erabakigarritasuna gehitu zaio. Irabazten zuenak finalerako sailkapena hurrengo eta finalaurreetako azken partidan jokatuko zuen; galduz gero, akabo!

Ondo hasi dute partida, ikaragarri ondo: 0-5, eta bazituen Iñakik hiru tanto eder eginak ordurako. Jon Ander agintzen. Zubieta baina ez zegoen amore emateko, “eutsi-eutsi” esango zion Berasaluzeri. Eta juxtu-juxtuan heldu den Iñakiren eskuin eskua hasi da mintzen eta, minarekin, bere konfiantza eta oreka xahutzen. Eta hasi dira hutsak; tanto polit bakoitzeko bi opari aurkariei, Iñaki berak esan du eta hala izan da. Lehendabizi Iñakirenak eta, partidua aurreratu ahala, baita Jon Anderrenak ere. Bitartean, Zubieta, partidako onena, eutsi eta eutsi! Eta gazteak azkenerako beren presak jan ditu. Partida oso gogor joan da erdira bitartean; 11-11 zihoala partida, 430 pilotakada zituzten joak. Hortik aurrera azkar joan da; hamalaunatik 15-22ra oso azkar.

Eta akabo Txapelketa hau. Aurtengoz! Tira, oraindik ez. Bengoetxea-Untoriaren aurkako partida jokatu beharra dago oraindik. Ez dakigu Iñaki jokatzeko moduan izango den; eskuin eskua hain gaizki badauka ez jokatzea erabaki dezakete-eta; buruz buruko Txapelketa datorkio segidan, eta merezi du zaintzea.  Jokatzeko moduan bada, halere, ona lukete bai Iñakik eta berdin Jon Anderrek partida on batekin agurtzea txapelketa hau. Bestela, eskuak sendatu, irakaspenak galbahetik pasa, eta aurrera.

Tanto boladak: 0-5,  5-6; 9-9; 10-10; 11-11; 12-12; 13-13; 14-14; 18-15; 22-15

Artola: 8 egin, 8 galdu

Albisu: 8 galdu (2 sake)

Berasaluze: 7 egin (2 sake), 6 galdu

Zubieta: 1 egin, 1 galdu

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!