Oskar Zelarain presoaren lanak Alegiako Erretirodunen tabernan

Ataria 2015ko mar. 19a, 13:36

Martxoa bukatu bitarte egongo dira Oskar Zelarainen gurutze-puntu lanak ikusgai Alegiako Erretirodunen tabernan.

Oskar Zelarain billabonatarra 2002an atxilotu zuen Frantziako poliziak. Zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta 2008an estraditatu zuten Espainiara. Soto del Real espetxean denbora gutxi eman zuen eta handik eraman zuten Alcala Mecora. Bost urte eman zituen isolamendu egoeran. Garai hartan Zelarainek preso zuen aita, eta haren gomendioei jarraituta hasi zen gurutze-puntua egiten. «Ni Aranjuezeko espetxean nengoela hasi nintzen, duela 11 urte inguru. Afizio handia hartu nuen eta semea nik bultza nuen», dio Peio Zelarainek.

Era guztietako lanak daude ikusgai Alegiako Erretirodunen tabernan. «Badira gai politikoagoa dutenak, esate baterako, Che Guevararen erretratua edo Zazpiak Bat ikurrarekin egindakoa», aipatu du Oskarren emazte Rosi Barandiaranek.

Duela bost urte jaio zen Oskar eta Rosiren alaba, Amets, eta harekin gogoratuta egin zuen presoak Los niños en el gallinero lana; kolore biziz egindakoa da.

Lan handia eskatzen du gurutze-puntuak: «Traineruekin paisaje bat eginda dauka eta lan hori egiteko, adibidez, lau hilabete behar izan zituen, egunero lau orduz horretan jarrita». Gogorra da preso batentzat isolamendu egoeran ematen duen denbora: «eguneko 24 orduetatik 20 baino gehiago ematen dituzte txaboloan, eta egoera horretan burua zer edo zertan okupatuta mantendu behar da», esan du Oskar Zelarainen aitak.

Afizio horrekin hasi zenean senitartekoek zailtasunak izan zituzten materiala kartzelan sartu ahal izateko: «Hari, jostorratz eta beharrezko gainerako materialarekin kitak erosi eta pasatzen genizkion»
Rosi Barandiaranek aipatu duenez, «ondo markatuta bidaltzen genizkion hariaren koloreak, Oskar daltonikoa baita; ez ditu zenbait korole ondo bereizten. Hala ere, artista bat eginda dagoela erakutsi du».
Lehen erakusketa du Oskarrek

«Afizio moduan ondo dago, baina neurria hartu behar zaio gurutze-puntuari. Itsutuz gero, beste ezertarako betarik ez duzu hartzen», dio esperientziaz Peio Zelarainek.  Gaur egun Castellon de la Plana 1 espetxean dago Oskar Zelarain. Bere emazteak aipatu duenez, «oraingoz utzita dauka gurutze-puntua, eta ikasketei heldu die buru belarri. Unibertsitaterako sarbide-proba ari da prestatzen. Modulo batean daukate, eta ziegan ematen ditu arratsaldeak, giltzapetuta eta ikasten». Aitak erakusketak antolatu izan ditu Villabonako Aljibean, Gurea aretoan eta Zizurkilgo Atxulondon. Semeak lehen aldia du Alegiakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!