Aleginez egitasmoko saioa, ekintza zehatzak adosteko

Imanol Garcia Landa 2015ko mar. 10a, 19:46

Aleginez egitasmoaren bilera, otsailean.

Otsaileko bileran helburu orokorrak adostu ondoren, bihar, asteazkena, da hurrengo bilera.

2025 urtera begirako Alegia irudikatu eta planifikatzeko prozesuaren bigarren saioa egingo da bihar, 18:30ean, kultur etxean. Aleginez egitasmoaren barruan, 2015ean zehar udalak, Alegiako gaur egungo argazki batetik abiatuta, etorkizuna definitzen lagunduko duten hainbat plangintzekin abian jarri berri da: 2014ean hasiera eman zitzaion Hirigintzaren Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) definitzeko prozesuaren jarraipena, Alegiako garapen iraunkorra aintzat hartuko duen ekintza planaren diseinua (Agenda 21) eta, bestetik, Aldaba Txikiko herri onurako eremuaren plangintza.

Aldaba Txiki mendi eremuak 260 hektarea inguru ditu. Unai Iraola alkateak azaldu duenez, «behin prozesua martxan jarrita ikusi genuen herri onurako mendi eta baso hauen inguruko plan bat egin behar zela hurrengo 10-15 urteetan erabilpena zertara bideratuko den zehazteko. Txosten teknikoa egin da, eta bileran batez ere horren aurkezpena egingo da. Herritarrei iritzia galdetuko zaie erabilpenari buruz, eta txosten horretan ere txertatuko da iritzi hori».

Bilera «garrantzitsua» dela zehaztu du Iraolak: «Saiatu gara herritarren parte hartzea sustatzen eta badakigu gaur egun bilera batera jendea erakartzea beti kostatzen dela, eta horregatik beste bide batzuetatik ere herritarren ekarpenak jaso dira, bai galdetegi bidez, bai sektorekako elkarrizketa bidez. Bilera garrantzitsua da, eta herritarrei dei egiten diegu bilerara etortzeko eta beraien iritzia emateko, 2025era begira zer Alegia nahi dugun erabakiko delako eta ahal den jende gehienak parte hartzeko erabaki horietan».

Aipatutako hiru prozesu horiek, HAPO, Agenda 21eko ekintza plana eta Aldaba Txikiko herri onurako eremua, helburu bateratuak izatea «ezinbestekoa» ikusten da udaletik. Plan horietan 2025 urterako lortu nahi dituen erronkak edo helburu orokorrak jasoko dira eta, beraz, «begirada norabide berdinean kokatzea garrantzitsua izango da».

Helburu orokorrak, herriak, haren beharrei eta arazoei erantzungo dioten irtenbideen arrazoibideak dira, udaleko edozein arau, ekintza edota jarduerari zentzua emango diotenak. Herriaren borondate edo eskaera orokorren zerrenda litzateke, hitz laburrez esana.

Alegiako egungo egoeraren diagnostikoa amaiturik, plangintza hauek definitzeko eta herritarrekin helburu orokorrak adosteko asmoarekin saio bat egin zuten otsailaren 19an kultur etxean. Bertan, jasotako datu objektibo eta subjektiboekin diagnostiko partekatu bat egin zen. Eta horren helburuak adostu ziren herritarrekin.

Helburu orokor horietan oinarrituta, etorkizunean aurrera eramateko ekintza zehatzak identifikatu eta adostera zuzendutako beste lanketa bat egiteko prestatu dute biharko saioa. Berriro ere, herriko eragile eta herritar guztiak gonbidatuta daude saio honetan parte hartzera, denon ekarpenak garrantzitsuak direlako herrigintza guztion onuragarri izan dadin. Saioaren amaieran pintxoak eskainiko dira.

Haurrei begirako txoko bat ere izango da biharko saioan. Modu ezberdin batean landuko da gaia beraiekin, nagusiki jolasak erabiliaz, eta herriko gune ezberdinak identifikatu eta horien inguruan duten ikuspuntua lortzeko lanketa berezi bat egitea aurreikusten da. Beste funtzio bat ere izango du haur txoko horrek: haurrak parte hartzen ari diren bitartean, gurasoek aukera izango dute horrela Aleginez egitasmoaren bileran izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!