Alegiako Gaztelekua: nerabeak euren dinamika sortzen

Azarotik dago martxan zerbitzua, eta Franconi etxeko bi gela erabiltzen dituzte. Mikel Agirrezabala ibartarra da bertako dinamizatzailea.

Alegiako Udalak urteetan zehar zeraman haur, nerabe eta gazteak barne hartuko lukeen proiektua martxan jartzeko asmoarekin, eta egun Gaztelekua dago herrian. Lehengo urtean jarri zen martxan proiektua, Foru Aldundia eta Alegiako Udalaren arteko hitzarmenaren bitartez. Izan ere, Aldundiak parte hartzeari begirako apustua egin du, eta horren barruan finantziatu du proiektua.

Gaztelekuko dinamizatzailea den Mikel Agirrezabalak azaldu duenez, haur eta nerabeentzako zerbitzu bat izateko beharra udal teknikariek eta udal gobernuak ikusten zuten. «Proiektuari bultzada emateko esan behar da oso garrantzitsuak izan direla bi eskaera. Batetik, nerabe talde batek egun Gaztelekua dagoen etxea erabiltzeko egindakoa. Bestetik, gurasoen aldetik ere eskaria iritsi zen udalera, larunbat arratsaldetan hiru orduz eta bi astez behin neguan zehar zerbait antolatzeko».