Atzera begirada 1953ko uholdeei argazkien bidez

Imanol Garcia Landa 2015eko urtarrilaren 26a

 1 1422266005115
 2 1422266005577
 3 1422266005906
 4 1422266006311
 5 1422266006496

Rikardo eta German Intxaustiren argazkien proiekzioa egingo dute, bihar, kultur etxean. Ixiar Intxaustik ekarri du gogora uholde horietan bizitakoa:

Alegian 1953ko uholdeek eragindakoa jaso zuten Rikardo Intxaustik eta bere seme Germanek argazkitan. Azken honen semeak, bere aitonak bezala Rikardo izenekoak, horietako hainbat digitalizatu ahal izan ditu. Interesa piztu dute irudiek eta argazki horien proiekzioa antolatu da biharko, urtarrilak 27. Kultur etxean izango da emanaldia eta 19:30ean hasiko da.

Argazkien proiekzioan Ixiar Intxausti izango da, Germanen arreba, irudietan ikusten dena azaltzen joateko. Oso ondo du gogoan Ixiar Intxaustik urte hartan gertatutakoa: «Ez zen batere ederra izan. Gogoan dut gure etxean afari-merienda egitekoak zirela kuadrilla bat gure tabernan. Afaria bertan behera geratu zen, tabernan ura sartzen hasi zelako». Susto larririk ere izan zuten uholde haietan Intxaustitarren etxean: «Baratzearen aldetik zetorren ura eta horra ematen zuen atea eusten genuen ura ez sartzeko. Azkenean leihoak hautsi eta hortik hasi zen sartzen ura eta segituan zeuden traste guztiak igerian. Eskaratza alderako atetik atera, baina ezin izan genion irekita eutsi, eta Iñaki anaia barruan geratu zen. Bizilagun batek aizkora ekarri zuen eta atea puskatuz justu-justu atera genuen gure aldera anaia».

Beldurra pasatu zutela du gogoan Ixiar Intxaustik. «Goiko pisura joan ginen eta handik atera zituen aitak argazkiak, bai ibaiaren aldera eta baita kalearen aldera ere. Argazkitan ondo ikusten da nolako maila hartu zuen urak».

Uraren maila jaitsi zenean, gerria baino gorainoko lokatza geratu zitzaien dendan, tabernan eta eskaratzan, eta kalean ere antzerakoa. «Herrian sekulako kalteak sortu zituen. Etxe barruetan zegoen lokatza kalera atera genuen herritarrek denak batera», dio Intxaustik.

Uholdeek sortutako hondamendia eta ondoren herritarrak nola aritu ziren lanean herria bere onera ekartzeko erakutsiko dute, beraz, asteartean emango duten proiekzioko argazkiek. Aukera ederra orain 62 urte izan zen gertakari hurak Alegian izan zuen eragina ezagutzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!