Euskal Herriko kartografiaren historia, ikusgai

Tolosaldeko Ataria 2015ko urt. 22a, 10:45

Kultur etxean zabalik dago urtarrilaren 29a arte 'Euskal Herriko mapak' erakusketa, Jose Mari Esparzak osatuta. Entzun egileari egindako elkarrizketa:

Euskal Herriko mapak erakusketa ikusgai dago Alegiako kultur etxean urtarrilaren 29a arte. Erakusketak oinarria izen bereko liburuan du, Jose Mari Esparzak eginikoa eta Txalaparta argitaletxeak argitaratua. «Liburuaren mamia erakusketa batekin zabaltzea ikusi genuen», azaldu du Esparzak. «Azken urteotan Euskal Herriari buruz jende asko mintzatu da, gure hizkuntzaz, gure iraganaz, gure historiaz, mitologiaz, gastronomiaz..., baina oso gutxi gure kartografiari buruz, gure lurraldetasun historikoari buruz. Orain esan dezakegu Euskal Herriak baduela bere atlas kartografikoa».

Esparzak azaldu duenez, 2000. urtetik aurrera ikusi da Espainiatik «sekulako erasoa lurraldetasunaren aurka. Euskal Herria ez dela existitzen, faltsukeria bat dela, funts historikorik ez duela eta abar». Horren aurrean, liburuaren eta erakusketaren bidez «oso garbi ikusten da Euskal Herria Espainia baino askoz lehenago existitzen dela eta hor dago jasota literaturan eta entziklopedietan».

Erakusketak, hain zuzen, lurraldetasunari buruz aritzean mapa batek izugarrizko garrantzia duela garbi uzten du, Esparzak azaldu duenez: «Kartografo ezagun batek esaten zuen, 'bota diezagun begirada bat mapei, zeren mapek, aurpegiek bezala, historiaren sinadura daramate'».

Euskal Herriak ez duela estatu propiorik izan Nafarroako Erresumatik ekarri du gogora Esparzak. «Beraz ez dugu izan unibertsitaterik, ez dugu izan armadarik, eta armadak izan dira kartografia gehien egiten zutenak. Halere, historian zehar ikusten da Euskal Herriaren mapak egin direla eta ondo erakusten dutela lurraldea».

Euskal Herriko kartografia osatzerakoan mapa bat egin zaio oso interesgarria Esparzari: «Espainiako zentralismoak, Aragoi, Katalunia eta Valentziari foruak kendu ondoren, eta euskal foruen kontra etorri eta gero, lehen atlas nazionala egin nahi izan zuen. Frantses bati enkargatu zioten eta kuriosoa da ikustea, nahiz eta Espainiako estaturako mapa ofizial bat izan, zazpi probintziak sartu zituela. 1834an izan zen hori, eta zazpi probintzien lehenbiziko mapa izan zen. Beraz garai hartan onartzen zuten hemen bazegoela herri berezi bat».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!