Martin Iraola alegiarraren margolan erakusketa

Imanol Garcia Landa 2015eko urtarrilaren 19a

Alegiako Erretirodunen tabernak eskualdeko hainbat artista ezezaguni beren lanak jendaurrean jartzeko aukera eskaintzen die. Horien artean, herrian bertan margolanen erakusketa jarri duen Martin Iraola dago. Duela lau urte erretiratu zen, eta orduan hasi zen margotzen.

Bigarren aldiz jarri du erakusketa alegiarrak herriko Erretirodunen tabernan. Bere burua ez du esperientzia handikotzat Iraolak: «Tolosako kultur etxean lau ikasturte baino ez ditut egin». Erretirodunen tabernako Patxi Renobalesek animatu zuen bere lanak jendaurrean jartzera.  
Bigarren erakusketa honetan jarri dituen lan guztiak berriak dira, eta lehen erakusketarekin alderatuta «maila igo» duelakoan dago alegiarra. Denetik ikus daiteke. Koadro abstraktuak eta paisaiak. «Alderdi bat kopiatuz eta beste bat imajinatuz egin ditut, koloreak nahastuz», argitu du. Alegia eta Tolosako herriak ere marraztuta ikusi daitezke. Margotzea erronka edo desafiotzat du: «Buruan pasatzen zaidana margotzea da». Tolosako kultur etxeko lagun artean ez du iritzi txarrik jaso, eta lanak hilabete osoan egongo dira ikusgai, tabernan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!