Babarrun jatea eta kontzertuak, gaztetxearen 27. urteurrena ospatzeko

Imanol Garcia Landa 2014ko abe. 10a, 08:00

Larunbatean da egun nagusia: bazkariaz gain karaokea, bertso poteoa eta musika izango dira. Entzun Iñigo Ormazabal gaztetxeko kideari egindako elkarrizketa.

 

Alegiako Gaztetxean abendua beti izaten da mugitua, bere urteurrena ospatzen baitute. Aurten 27. urteurrena izango da, eta bi egunetan ospatuko dituzte ekitaldiak: abenduaren 13an, datorren larunbatean, izango da egun nagusia, eta abenduaren 19an kontzertua izango da.

Iñigo Ormazabal gaztetxeko kideak azaldu duenez, datorren larunbaterako egun guztiko egitaraua antolatu nahi zuten: «Pentsatu genuen festa egun guztian izatea, afal ondorengo festa bakarrik ez izateko. Horregatik pentsatu dugu babarrun jatea egitea bazkarirako, eta ondoren karaokea izango da, eta ikusiko dugu zenbat animatzen diren, eta gero hiru bertsolari ariko dira bertso poteoan». Hain justu, gaur da azken eguna bazkarirako txartelak lortzeko. Iskiña eta Hilario Berri tabernetan edo gaztetxean bertan daude eskuragai, 15 eurotan.

Gauerako, nola ez, kontzertuak antolatu dituzte. Eszenatokian izango dira Etxepare Rap eta Bi Bala taldeak. Azken hau «etxeko» bezala hartu daiteke, bertako bateria Julen Goikoetxea alegiarra baita. «Abeslaria-eta nahiko ezagunak dira herriko gazteen artean», gaineratu du Ormazabalek. «Giroa aparta jartzen dute kontzertuetan, bertsoak inprobisatzen dituzte, jendearekin sartzen dira eta beste giro bat sortzen dute».

Urteurreneko ospakizunen beste eguna abenduaren 19a izango da eta orduan ere bi talde izango dira gaztetxean: Pornox eta Zero. «25. urteurrenerako egitarau zabala egin genuen, eta bestela urteurrenaren harira egun batean edo bitan antolatzen ditugu ekitaldiak», azaldu du Ormazabalek.

Garai batean Alegiako Gaztetxetik musika talde ospetsuak pasa ziren, eta mugimendu handia izan zen. «Hori dezente jaitsi zen, eta orain musika ekipo berria dugunez, bizitasun puntu bat eman nahi diogu gaztetxeari, beste dinamika bat. Pettiren kontzertua izan zen orain hilabete, eta horrekin nolabaiteko hasiera eman zitzaion», azaldu du.

Gaztetxean bakoitzak ahal duenean egoten dela esan du Ormazabalek: «Jendea izaten da gehiago egoten dena gaztetxean, beste batzuk gutxiago. Urteurreneko festa antolatzeko taldeka bildu gara. Talde batek kontzertuak antolatu ditu, beste bat barrako kontuak emango ditu eta gaztetxea txukunduko dute, beste batek kartela egin du, eta beste batek bazkaria antolatu. Hor ikusi da antolakuntza aldetik nahiko txukun ibili garela».

Ormazabalek ere azaldu du ateak zabalik daudela edozeinentzat, gaztetxean zerbait antolatzeko: «Beste dinamika bat eman nahi diogu gaztetxeari eta horretarako ateak zabalik daude». Bestetik, aurrera begira, asmoa dute larunbatero auzolanean jarraitzeko, bukatu gabe geratu den gaztetxeko bigarren solairua amaitzeko, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!