Hiru egitasmo aukeratu dituzte herritarrek 30.000 euroak bideratzeko

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 27a, 15:06

Aurrekontu parte hartzaileen bigarren bileran hartu dute erabakia. Pilotalekua, zinema zaharra eta oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna dira aukeratutako proiektuak.

Alegiako Udalak abian jarritako aurrekontu parte hartzaileen prozesuak bigarren bilera izan zuen asteazkenean. Bertan bildu ziren herritarrei, lehen bileran egindako ekarpenetatik bideragarriak zein ziren azaldu zien udalak lehenik eta ondoren bertaratutakoen artean adostutako lehentasunen zerrenda egin  zen. Modu horretan, herritarrek erabaki dute hiru proiektuetara bideratzea 2015eko udal aurrekontuetako 30.000 euro.

Herriko hainbat gunetako irisgarritasuna eta segurtasuna areagotzera bideratu da herritarren eskura jarritako diruaren zati bat, 16.500 euro zehazki. Horrela, batetik, Larraitz auzotik eskolaren paralelo futbol zelai aldera doan pasabidearen sarreran hainbat lan egingo dira. Bestetik, Bideberrietatik osasun zentrora doan pasabidean ere hobekuntza lanak egingo dira: oinezkoen espaloia zabaldu eta bolardoekin babestu, eta lurrazpiko pasabidearen egoera hobetu.

Pilotalekura ere bideratuko da aurrekontu horren zati bat, 8.500 euro. Argiteria pizteko sistema autonomoa jartzea adostu zen eta frontoiaren aireztapena ahalbidetuko duen sistema naturala jarriko da. Hirugarren proiektua zinema zaharra berreskuratzea izango da. Herritar talde bat lanean ari da areto hori berreskuratzeko helburuarekin eta egin beharreko beste hainbat lanen ostean erabilgarri izango da berriz ere hainbat urtetan itxita egon den zinema. Egitasmo horretara 5.000 euro bideratuko dira.
Herriko hainbat gunetan dagoen argi gabeziaren gaia ere atera zen bileran. Bada, inbertsio horiek udalak bere gain hartuko ditu eta aurrekontu parte hartzaileetan agertzen ez diren arren, lan horiek egingo direla hitz ematen du udalak.

Bileretan izandako partaidetza «interesgarria» izan dela esan du Unai Iraola alkateak: «Beti kostatzen da herritarrak antzeko proiektuetara erakartzea. Lehen bileran 25 herritar inguru izan ziren eta bigarrengoan zerbait gutxiago. Gure aldetik lehenengo saiakera izanik, positiboki baloratzen dugu. Aberasgarria iruditzen zaigu jendeak bere iritzia emateko eta bere ekarpena egiteko horrelako foro zabal bat izatea ».
Erabakia hartzerakoan bileran izandakoen arteko adostasuna lortzeari garrantzia eman zitzaiola azaldu du Iraolak: «Jendea borondate onez etorri zen bilerara eta horrek ere errazten ditu lanak».

Herritarrek guztira proposatutako proiektuen aurrekontua 66.000 euro ingurukoa izan da, eta aurretik aipatutako hiru egitasmori eman zaie lehentasuna. Horrek ez du esan nahi beste proiektuak egingo ez direnik. «Udala konprometitu da, 2015. urtean baliabide ekonomikoak badaude, eta egin den parte hartze prozesua aprobetxatuz, sartu ez diren proiektuak garatzeko», zehaztu du Iraolak.

Auzolana, zinema zaharrean
Esan bezala, zinema zaharra berreskuratzea izango da aurrekontuaren zati bat. Biharko, hain justu, auzolana deituta dago berreskuratze lan horietan laguntzeko. Aurreko larunbatean izan ziren hainbat lan egiten, eta bihar horri jarraipena emango diote, txukunketa eta margotze lanak eginez. Hitzordua 10:00etarako eginda dago, eta herritar guztiei auzolanean parte hartzeko deialdia egin diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!