Alegiako Udalak herritarren parte hartzea bultzatuko du udal aurrekontuetan

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 14a, 11:47

30.000 euro zertan erabili nahi dituzten erabaki ahal izango dute bi parte hartze bileretan

Alegiako Udalak datorren urteko aurrekontuei begira prozesu parte hartzaile bat jarriko du abian. Funtsean, herritarrek aurrekontuaren zati bat zertara bideratu nahi duten erabakitzeko aukera izango dute prozesu horren bidez. Udalak hainbat eskaera jasoak ditu herritarren aldetik Alegia hobetzeko bidean egin beharreko lan edo berrikuntzen inguruan. Bada, prozesu parte hartzaile honen bitartez, proposamen horiek guztiak eta berriak aztertuko dira herritarrekin egingo diren bilera irekietan eta udalak bakoitzaren inguruko bere azterketa egin ostean, berriz ere herritarrekin elkartu eta bertan erabakiko da egin beharreko lanen lehentasun zerrenda.

Gauzak horrela, prozesu parte hartzaile hau bi bilera irekiren bitartez gauzatuko da. Lehen bilera datorren asteartean, azaroak 18, izango da. Bertan udalak prozesuaren nondik norakoak azalduko ditu lehenik eta ondoren herritarrek aurrekontuaren zati hori zertara bideratu nahi duten esan ahal izango dute.

Bigarren bilera azaroaren 26an, asteazkena, izango da. Lehen bilerako datuak jaso eta udalak proposamen bakoitzaren azterketa egingo du alderdi teknikotik eta ekonomikotik bideragarriak diren edo ez argituz. Behin hori eginda, bigarren bilera horretan azterketa horien emaitzak plazaratuko dira lehenik eta ondoren, egin litezkeen proposamen horien guztien lehentasunen zerrenda adostuko da. Bi bilerak 18:30ean eta kultur etxean izango dira.

Udaletik azaldu dutenez, "herritarrek nahi duten Alegia horretara hurbiltzeko beste pauso bat emango da. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da herritarrek udalak eskaintzen duen prozesu horretan parte hartzea, herritarrak izango baitira diru hori zertan erabili erabakiko dutenak eta berauen parte hartzerik gabe, udalak ezin baitu jakin zeintzuk diren herritarrek hobetzeko ikusten dituzten puntuak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!