Zaintzaileen behar sozioemozionalei buruzko ikastaroa eskainiko dute

Ataria 2014ko azaroaren 5a

Etxean menpekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten pertsonei zuzendurikoa da, eta azaroaren 7an hasiko da.

Alegiako Udaleko gizarte zerbitzuek zaintzaileen behar sozioemozionalen inguruko ikastaroa antolatu dute azarorako eta abendurako, etxean menpekotasuna duten pertsonen zaintzaileei zuzendua. Matia Institutuko Sendian programak eskainitako ikastaroa da eta zaintzaren inguruko inplikazio emozional eta sozialetan gehiago barneratzeko eta zaintzaileen barne baliabideak hobetzen eta sakontzen joateko helburuarekin eskainiko da.

Zaintzailearen eguneroko errealitatea eta beharrak, lanean izaten diren pentsamendu mugatzaileak, komunikazioa eta pertsonen arteko harremanak, zaintzarekin elkarbizitzea, zaintzaren feminizazioa eta generoaren ikuspegia eta zaintzaileen jarrera proaktiboa aztertu eta landuko dira sei saio izango dituen ikastaroan.

Azaroaren 7an, 14an, 21ean eta 28an eta abenduaren 5ean eta 12an eskainiko da. 15:00etatik 17:30era izango dira saioak kultur etxean eta informazio gehiago nahi dutenek edo izena eman nahi dutenek, udaleko gizarte zerbitzuetara joan beharko dute edo 943 65 47 68 telefono zenbakira deitu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!