Julen Goikoetxea: «Pluralean egiten dugu autokritika gure letrekin»

Imanol Garcia Landa 2014ko urr. 19a, 09:57

Bi Bala taldeak Wasabi diskoa atera berri du kalera. Bertan ari da Julen Goikoetxea (Alegia, 1986) bateria jolea. Aurreko urtean sortu zen taldea eta kontzertuen agenda nahiko betea dute. Orain ikusi beharko da diskoak zer-nolako bidea egiten duen.

Zeintzuk zaudete taldean?
Lau kide gara taldean eta beste hiruak Aitzol Barandiaran ataundarra, Iñaki Gurrutxaga oriotarra eta Xabier Etxeberria ataundarra dira. Aitzolek eta Iñakik abestu egiten dute, Iñakik gitarra jotzen du aldi berean, eta Xabierrek baxua jotzen du.

Eta noiz sortu zen taldea?
Bi Balaren kontua 2013ko Bertso Egunean Aitzolek eta Iñakik egin zuten saio batetik dator: Beatles taldearen doinuetan oinarrituta bertsotan aritu ziren, Ze krisi? famatua tarteko. Arrakastatsua izan zen emanaldia eta hortik aurrera hasi zitzaizkien biei deika hainbat lekuetatik horixe nahi zutela eskatuz; hauek garbi zuten hori bera ez zutela eskainiko. Zerbait egiteko gogoa bazuten, baina gauza berdina ez. Iñaki musikaria izanik eta Aitzol bertso musikatuetan aritu denez, zuzeneko musika eta bertsoak uztartuko zituen zerbait egin nahi zuten. Nik Aitzolekin lehendik harremana nuen eta Iñaki ere ezagutzen nuen, eta komentatu zidaten proiektu bat egiteko asmoa zutela; nondik norakoak azaldu zizkidaten, itxura ona hartu nion eta hirurok hasi ginen proiektuari forma eman nahian. Beraiek bazituzten bertso sorta batzuk eginda, eta haiei doinuak jarri, ohiko bertso doinuei buelta bat eman eta letrak sartu, eta horrela hasi ginen... Gainera, erlojuaren kontra aritu ginen, lehen kontzertuaren data jarrita baitzegoen, 2013ko apirilean. Geroztik hor gabiltza.
 
Bi Bala izena nondik dator?
Hori Aitzol eta Iñakiren kontua da. Proiektuaren berri eman zidatenean, itxita zegoen gauza bakarra izena zen. Ez nuen galdetu nondik zetorren ideia, baina ikusita diskoaren letrak nolakoak diren... Letra zuzenak dira eta guk gure emanaldietan beti esaten dugu jendeari letrak batzuetan pixka bat gogorrak egingo zaizkiola, baina azkenean pluralean egiten dugu autokritika bat da. Gure buruaren inguruan ari gara hizketan, gure buruaren inguruan ari gara barre egiten eta inor ez dadila behatzarekin seinalatuta sentitu. Nik uste dut letrak zuzenak direlako izena duela taldeak Bi Bala.

Lehenengo aldiz taldearen izena entzutean, «Bi Bala» ordez «bibala» ulertu nuen. Gainera, zu alegiarra izanik eta herriko festa alternatiboak Bibalabirjen izena dutela kontuan hartuta... Ez da jendea izenarekin nahasten?
Jende askok galdetzen du ea nola den, «bi bala» edo «bibala» den, hau da, «bibalabirjen» edo «bibalapepa» modukoak ere bota dizkigute.

Ikusita bertsolaritzan hitz jokoak eta bigarren zentzuak asko erabiltzen direla, agian zenbaitetan ondo etorriko zaizue taldearen izenak sortu dezakeen nahasketa hori.
Azkenean abaniko hori zabalduta izanda, aukera ematen dizu zentzu bat edo bestea emateko. Letretan ere hitz jokoak asko erabiltzen dira; azken finean Iñaki eta Aitzol bertsolariak dira, sortzaileak dira, eta letrak zuzenak dira... Baina kasu batzuetan nolabait apainduta daude hitz jokoekin, gero entzuleak harrapatu diezaion benetako zentzua.
 
Diskoa iraila bukaeran aurkeztu duzue, Wasabi izenburuarekin. Horrek ere bere esanahia izango du, ezta?
Hori Iñakiren kontua da, eta letrak zuzenak izatearen kontutik dator. Behin berak proposamen bat egin zuen, wasabi saltsa nolakoa den esanez: ahora etortzen denean sekulako kolpea ematen du, baina etorri bezalaxe joan egiten da. Gure letrak ere nahiko zuzenak dira, eta lehenengo entzunaldian kolpea ematen dizute, baina bigarren entzunaldian erraz sartzen dira.

Zer musika mota egiten duzue?
Askotan etiketak jartzen hasten zarenean ez zara geratzen, eta batzuek bertsoindie etiketa jarri digute. Nik esango nuke erraz entzuten den diskoa dela. Musikalki ez dira ikaragarri landutako konposizioak. Sorkuntza handia egin da, baina bertso moldea izaki, musikalki mugatuago zaude, neurri horietara egokitu behar zarelako. Nik esango nuke disko freskoa dela.

Eta nola izan da sorkuntza? Zein aritu da letrak eta musika egiten?
Hasi ginenean letra batzuk eginda zeuden, eta lehenengo lana izan zen letra horiei musika egitea. Kasu batzuetan musika berria egitea, eta beste batzuetan lehengo bertso doinuak pixka bat egokitzea. Gero ikusi genuenean guk sortutako material dezente biltzen ari ginela, diskoaren ideia etortzen hasi zen, eta gure sorkuntza horretan sakontzen hasi ginen, letra eta musika gehiago eginez. Letrak Aitzolek eta Iñakik egiten dituzte, eta musikari dagokionez, lehenengo ideia Iñakik eramaten du lokalera, eta gero lauron artean, astero txintxo-txintxo egiten ditugu entseguetan, ematen zaio forma musikalki abesti guztiei.

Nola ari zarete egiten diskoaren aurkezpena?
Diskoaren aurkezpen ekitaldirik ez dugu egin. Hainbat lekutan jarri ditugu salgai diskoak: Orion Kalakari tabernan, Ataunen Troskaeta tabernan eta Alegian Izkina tabernan. Gure kontzertuetan diskoa eskuratzeko aukera ere badago. Eta gero, gaur egun Interneten ez bazaude ez zarela inor esaten dute, eta horri begira Bandcamp plataforman bibala.bandcamp.com helbidean diskoa dohainik entzuteko aukera dago, eta norbaiti gustatzen bazaio eta fisikoki ezin badu erosi, bost euroan jaisteko aukera du. Urrian zehar espero dugu Spotify eta horrelako plataformetan egotea.

Kontzertuei dagokionez, nolako mugimendua izaten ari zarete?
Proiektua hasi zenetik, bertsolariek duten erakarpen ahalmen horri esker, kontzertu asko emateko aukera izan dugu. Diskoa atera zenetik ari gara kontzertuak ematen, eta urrian Lesakan eta Zumaian izango gara, eta azaroan Ataunen, Elgoibarren, Etxebarrian... Beraz, agenda kargatzen ari zaigu.

Tolosaldean noiz emango duzue kontzertua?
Laster izan daiteke aukera. Ez dago erabat lotuta, eta ezingo dugu aurreratu oraindik, baina espero dugu urte bukaerako edo behintzat datorren urte hasierarako Tolosaldean kontzerturen bat ematea.

Nola ikusten duzu musika mundua gaur egun? Hortik bizitzeak beti bezain zaila izaten jarraituko du, noski.
Euskal Herrian gehienez bi eskuetako behatzekin kontatu daitezke musikatik bizi direnak. Azkenean, hortik bizitzeko kontua ezin da inondik inora pentsatu. Kasik zaletasun bat bezala hartzen dugu guk, ondo pasatzeko modu bat bezala, gustatzen zaigun gauza bat bezala. Oraingoz oso gustura ari garen gauza bat da, kontzertuak emateko aukerak ari zaizkigu ateratzen, eta iraun dezala. Bestela, musikaren panoraman jotzeko aukerak gutxitzen ari dira, eta horrek musika taldeetan motibazioa galtzea dakar. Azkenean, lokalean entseguak egin eta egin ari bazara, baina gero iristen bada une bat kontzertuak emateko aukerarik ez duzuna, normala da horrek motibazioa jaistea.

Beste talde batzuetan aritu eta aritzen zara: Manillares Iturriaga, Desordutan eta Iratzar.
Bakoitza proiektu ezberdin bat da. Manillares Iturriaga erokeria moduan lagunartean egindako proiektu bat izan zen. Bere unean boom moduko bat izan zen, bi urte iraun zituena eta oso bizia izan zen. Desordutan taldearen proiektua beste estilo batekoa da: gure kantak lantzen ditugu; lau lagun gara musika gustatzen zaiguna eta kontzertuetakoa panorama kaskarra izan arren, baina lokalean aritzeko gogo hori dagoen bitartean, beti dauzkazu ateak irekita kontzertuak eman ahal izateko. Iratzar erromeri taldea da, eta batez ere bere jarduna uda partean izaten da.

Beraz, batean edo bestean, ia egunero musikari lotuta ibiltzen zara.
Azkenean gustuko gauzetarako denbora ateratzen da. Musika gustatzen zait, asko gainera, betidanik izan dut gustuko, eta iraun dezala taldeetan jotzeko aukera honek, musikaren munduan aritzeko aukera honek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!