Ipuin kontaketak leku berezia du udazkeneko kultur egitarauan

Imanol Garcia Landa 2014ko urr. 16a, 10:36

Kultura batzordeak hainbat ekitaldi antolatu ditu aste honetan hasi eta abenduaren 4a arte. Nati Murua kultur zinegotziak egitarauren nondik norakoak azaldu ditu Ataria Irratian.

Udazkeneko kultur egitaraua martxan da dagoeneko Alegian, eta aurtengoan ipuin kontaketek presentzia nabarmena dute. Kultur Batzordeak antolatzen duen ekimena da udazkeneko kultur egitaraua, Nati Murua Kultura zinegotziak azaldu duenez: «Hasieran azaro kulturala izan zen eta gero udazken kulturala bihurtu da. Kultur batzordetik urte guztirako egitaraua egiten dugu, hiruhilabeteka».
Ipuinek leku berezia dute egitaraua, eta hain zuen, aste honetan protragonismoa izaten ari dira. Astelehenean eta asteartean Pello Añorga ipuin kontalariak ikastaroa eman zuen eta bihar ipuin kontaketa saioa egingo du.
Udazkenean Alegian klasikoa bihurtu da dagoeneko Txintxarri Eguna, hau da, herriko Txintxarri Abesbatzak eskaintzen duen emanaldia eta ondorengo afaria. Aurten urriaren 25ean izango da, eta hain justu, abesbatza bertatik jakinarazi dutenez, afaria herriko Eizmendi Enea jatetxean izango da. Herritar guztiei dei egiten diete afarian parte har dezaten, eta bertara joateko txartelak salgai daude urriaren 20ra arte, 30 euroren truke, kultur etxean. Emanaldia, berriz, 20:00etan izango da, Joan Bataiatzailea Deunaren elizan, eta Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek eskainiko dute.

Musika, Loatzoren eskutik
Aurrera begira beste bi ipuin kontaketa izango dira. Horietako bat Baraka taldearen eskutik iritsiko da azaroaren 21ean, eta bestean Saroa Bikandi ariko da, abenduaren 4ean. «Egitarauan saiatzen gara jendearen gustuko emanaldiak jartzen, eta haurrak gustura aritzen dira ipuinak entzuten», azaldu du Muruak.  
Musikak ere izango du bere tartea, eta Loatzo musika eskolako ikasleak izango dira protagonista. Xexili Deuna Eguna dela-eta kalejira egingo dute bezperan. «Beti egiten dute Loatzoko ikasleek emanaldiren bat Xexili Deunaren egunaren inguruan», dio Muruak. «Oraingoan kalejira egingo dute, eta oso polita izango da, mota askotako instrumentuak jotzen dituzte eta denen artean giro ederra jartzen dute». Beste emanaldia azaroaren 28an izango da, eta orduan ganbera musika kontzertua izango da.  
Antzerkia Txalo taldearen eskutik izango da, azaroaren 21ean, Ondoko hilobiko tipoa obrarekin. «Antzezlana ona baldin bada jendea hurbiltzen da, eta saiatzen gara ahal dela sona gehien duen antzezlanak ekartzen».
Azaroaren 25ean, Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela eta, ohiko elkarretaratzea antolatu dute aurtengorako. Horren ondoren, ipuin kontaketa bat ere antolatu dute, baina oraingoan helduei zuzenduta. Elkarretaratzea plazan izango da eta ipuin kontaketa udaletxean bertan egitea pentsatu dute, horrela jendea zuzenean batetik bestera joateko. Maite Franco izango da ipuin kontalaria eta Arrosa+urdina=morea izeneko istorioa kontatuko du.
Beste ekitaldietako bat herrian zaletasun handia duen bertsolaritzarekin zerikusia duena da. Izan ere, bertso afaria antolatu dute. Oraingoz azaroaren 29rako aurreikusten dute, baina ez dago data guztiz zehaztuta, eta aurrerago zehaztuko dute noiz egingo den eta zein bertsolarik parte hartuko duten.

Parte hartzeko gonbidapena
Ekitaldietara joateko gonbitea egiteaz gain, Muruak gogora ekarri du Kultura Batzordea irekita dagoela parte hartu nahi duen herritar guztientzat. «Hamabostean behin biltzen gara, herriarentzako irekita dago, eta herritarrei animatzen diegu parte hartzera». Bi asteazkenez behin elkartzen dira, kultur etxean, 18:30ean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!