Egunkaria

Begoña Zubelzu: "Hilabetea luze joan da, baina bukatu da"

Iñigo Terradillos 2014ko urr. 14a, 14:28

Egunkariaren 'auzi ekonomikoan' auzipetuta zegoen Begoña Zubelzu alegiarrak "oso pozik" hartu du erabakia. Tolosaldeko Atariak elkarrizketatu du Zubelzu, abokatuarekin hitz egin eta gutxira.

 

Bukatu da 2003an hasitako amesgaiztoa.

Bai, bukatu da: hitz horixe esateko gogoa genuen. Oraintxe abokatuak deitu dit eta horixe konfirmatu dit, bukatu dela, eta denontzako bukatu da. Beraz, oso pozik.

Ia hilabete batez auzia aztertu ondoren, hartu du erabakia Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.

Hilabetea luze egin da. Jakin nahi genuen epaiketa egingo zen edo ez, eta azkeneko helegiteak egia esan animoak pixka bat jaitsi zizkigun. Oso kezkatuta geunden, eta hilabete hau oso luzea egin da. Horixe eskatzen genuen, hau dena bukatzea eta bete da, beraz, oso pozik.

Noiz izan duzu albistearen berri?

Gaur goizean bagenekien 13:00etako zeozer esango zutela, eta ordu horretan jakin dugu. Abokatuari esan diotenean, gero guri deitu digute.

Une hori zama handi bat gainetik kentzekoa izango zen, ezta?

Bai, horixe izan da. Batez ere zama handi bat, harri bat genuena gainean denbora guztian, eta hori kendu dugu. Pisu handia kendu dugu. Urte asko izan dira, gainera denbora oso luzez joan da. Eskerrak jendeari, nik uste jendearen laguntzarik eta babesik gabe ez genuen lortuko, eta oso pozik egia esan.

Zortzi pertsona zeundeten auzipetuta, eta zigor eskaerak handiak ziren: 128 urteko kartzelaldia eta 221 milioiko isuna.

Hasieran Madrilen izan zen auzia eta gero Donostiara pasa zuten. Ez ziren aldatu zigor eskaerak, nahiz eta jakin Ogasunak esana zuen BEZan ez zegoela iruzurrik, Eusko Jaurlaritzak ere esan diru laguntzetan ez zegoela iruzurrik... Beraz ez zegoen inongo deliturik. Ez zegoen ezer; akusazio bat egin zuten baina ez zegoen deliturik.

Espero zenuen auzia artxibatuko zela, edo bestelako erabakiren bat egon zitekeela uste zenuen?

Azkeneko helegitea ikusi eta gero, eta fiskalaren jarrera ikusita, kezka handia genuen, egia esan. Ez genuen garbi ikusten. Kezkatuta geunden, eta beraz poza handia izan da. Beldur handia genuen, eta prozesua berriro atera izan balitz luzerako joango zen, epaiketa bat izango zen... Azkenean hau bukaera emateko pausoa izan da, gainera behin betiko izan da, eta kito, bukatu da. 

 

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!