Mondejuetatik taloetara, barazkietatik artisau produktuetara

Asier Imaz 2014ko irailaren 26a

Alegian Azoka Berezia ospatuko dute igandean, 11:00etatik 14:00etara.

Duela lau urte inguru iritsi ziren Alegiako Azoka Berezira pikilloko piparrekin. Bertan erretzen dituzte. Beltz-beltz poltsan sartu, eta jendeak etxera eramaten ditu. Azala kendu eta jateko prest. Arrakasta duen postu berezia da. Berezia, gainontzekoak herritarrek jartzen dituztelako. Barazkiak, artisau lanak, Garaialdetarren etxeko sagardoa, Agirre harategiko mondejuak,… hauek ere bereziak, eskualde osora zabaltzen baita mondeju horien ospea. Alegiako nekazari eta artisauen ondoan, herriko merkatariak egongo dira, euren eskaintzarekin. Hauen artean, Ferreteria Alegiak bere tartea izango du. Aurreko udan itxi zituen ateak dendak, 15 urte ingururen ondoren. Bertako hainbat produktu ordea, oraindik pilatuta daude. Igandean berriro argia ikusiko dute, eta prezio egokian salgai jarriko dituzte.
Ikasleak eta dantzariak
Beste berezitasuna, DBH 4. mailako ikasleena eta dantza taldearena izango da. Azken hauek talo postua jarriko dute. Ikasleek, aldiz, ikasturte amaierako bidaia dute buruan. Dirua biltzeko pintxoak, gozokiak, pastak… jarriko dituzte salgai.
Alegiako Udaleko Kultura batzordeak bultzatzen duen azokan, guztira 30 postu egongo dira. Barazki postuak plazan jarriko dituzte, eta artisauenak eta merkatarienak plazatik Kalebeherarako bidean. 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik Azoka Berezia. Bertaratzen direnek, postuak ikusteaz gain, erakusgai diren produktuak erosteko aukera izango dute. Gainera, azokako produktuak erosteak sari bat irabazteko aukera emango du. Izan ere, postuetako produktu banarekin osaturiko sorta bat zozketatuko da 13:00-13:30 artean. Esan bezala, azokan erosketak egiten dituztenek zozketan parte hartzeko txartel bana jasoko dute eta irabazleak unean bertan agertu beharko du, bestela zozketa errepikatu egingo da. Kultura batzordetik, erosketak egitera animatu dituzte herritarrak eta bertaratzen direnak. Horrez gain, aipatu bezala, zozketa unera bitartean behintzat azoka inguruan ibiltzea gonbidatu dituzte.
Igandean eguraldi txarra egingo balu, azoka Elorri pilotalekuan egingo litzateke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!