GUTUNA: "Kutxabanki eskaera"

Alegiako Merkatari Taldea 2014ko irailaren 10a

 

Jaun andreak:

Zuengana zuzentzen gara Alegiako zuen bulegoko kutxako ordutegia murrizteak Alegiako biztanleen kopuru handi bati eragozpenak sortu dizkiola jakinarazteko. Gainera, herrian dagoen banku bulego bakarra izanik, herritar gehienak inolako beste aukerarik gabe uzten dituzue. Eta horrek, bereziki, adineko pertsonen multzoari eragiten dio, ez daudelako ohituta internet bidez eta kutxazainetan eragiketak egitera.

Hori guztia kontuan hartuta, ondoko eskaera luzatzen dizuegu: luzatu ezazue, mesedez, 14:00ak arte publikoarekiko arreta, kutxa eta helbideratu gabeko ordainagirien ordainketak egin ahal izateko zerbitzuen ordutegia. Horrekin, adineko pertsonei eta Alegiako merkatariei eragiten zaien kaltea murriztuko litzatekeela pentsatzen dugu.

Saltokiek, hartu duzuen erabakiaren ondorioak modu bikoitzean pairatzen dituzte: Alde batetik, beraien funtzionamendua oztopatzen delako. Bestetik, Alegiara etortzen diren pertsonen kopurua murriztu egiten delako eta horrek merkataritzarentzat bezero galera dakarrelako.

Hemen azaldu ditugun arrazoiak kontuan hartuko dituzuelakoan eta aipatu diren kalteak ekiditeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzuelakoan, adeitasunez agurtzen zaituztegu.

ALEGIAKO MERKATARI TALDEA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!