Alegiako Merkatari Taldeak 50 euroko txekeak zozkatuko ditu

Asier Imaz 2014ko irailaren 4a

Alegiako 23 merkatarik eta saltokik 400 euroko sariak banatuko dituzte urte bukaera bitarte. Hileko azken ostiralean egingo dira zozketak, eta bezeroen artean, 50 euroko bi opari txeke banatuko dituzte. Alegiako Merkatari Taldearen lehen ekimena da honakoa, eta gaur goizean aurkeztu dute Unai Iraola alkatearen laguntzarekin, udaletxean.

Merkatari taldeak eta hauek martxan jarri duten egitasmoak hiru helburu dituela esan du Iraolak: «Batetik, bezeroen fideltasuna saritu nahi da. Beraien erosketak Alegian egiteak hainbat onura ekartzen baitizkio herriari. Hala nola, kaleei eta herriari bizia eman, bizilagunek elkar ezagutzea ahalbidetu eta era berean, bertakoen arteko harremanak sendotzen lagundu». Bestetik, Alegiako alkatearen esanetan, herrian bertan erosteak ekartzen dituen onurak zenbaterainokoak diren herritarrak ohartzea egongo litzateke. Azkenik, «saltokiak irekita mantentzea» aipatu du Iraolak, eta «zerbitzu egokia eskaintzeko bezeroak ezinbestekoak direla aipatu du.

San Juan kaleko piboteen ordutegia
Alegiako Udalak ere bere ekarpena egin du merkatariei laguntzeko: «San Juan kalean dauden poste edo piboteen ordutegia aldatuko dugu; bertara sartzeko lehen zegoen 07:00etatik 12:30erako ordutegia luzatuz. Orain, ordubete gehiago egongo da bertara sartzeko, hau da, 13:30ak arte», esan du Iraolak. Ordutegi aldaketarekin, komertzioen itxierarekin bat egin nahi izan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!