Artolaren eta suziriaren arteko buruz burukoarekin hasi dira jaiak

Asier Imaz 2014ko uzt. 16a, 00:34
Karmen jaiak atzo hasi ziren. Binomioz beteriko jaien hasiera izan zen: festa batzordea eta gaztetxea; erraldoiak eta buruhandiak; marrazkiak eta marrazkilariak; presoak eta iheslariak; pilotaria eta jarraitzaileak... Guztiek izan zuten atzokoan lekua Alegian.


Buruz burukoa ere izan zen, ordea. Kantxa, udaletxeko fatxada, eta protagonistak, Iñaki Artola eta suziria. Profesionaletan debutatu duen alegiar gazteari ezustean jarraitzaileak agertu zitzaizkion goiko balkoietan. Hauek animoak eman zizkioten, eta aholkuak ere bai: Hemendik aurrera ahaztu zahagiardoa eta parranda. Lasai, guk botako dizkiagu hire partez, lagun onak gaitukelako. Txintxarrian igorik zegoela, jendearen txalo artean piztu zuen suziria Artolak, Alegiako Jaiei hasiera emanaz. Beheran, erraldoiak dantzan hasi ziren, eta buruhandiak korrika. Arkupean marrazki lehiaketako irudiak, eta plazako ertz batean, euskal preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea zegoen, eta eskaria argia: Etxera!
Guzti horren aurretik, une berezi bat bizitu zen udaletxeko balkoian. Unai Iraola alkateak Marwane Azerguiri omenaldia egin zion herritar guztien izenean: Euskal Herri osoan batxilergoa D ereduan amaitu duen lehen marokoarra izateagatik.
Sokatira eta pilota
Alegiako jaien barruan herri kirolek euren txokoa izango dute. Horien artean, Lur Gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketa eta Alegiako IV. Pilota Txapelketako finalak aipatu behar dira. Bi ikuskizunak larunbatean izango dira.
Sokatirari dagokionez, 580 kiloko txapelketaren hasiera ikusteko aukera egongo da Alegian, 17:30ean. Zazpi taldek hartuko dute parte pisu horretako lehen kanporaketan, ondoren, bigarrena eta finala jokatuko dira Deban eta Getxon. Partaideak ondorengoak izango dira: Gaztediren hiru talde, Goiherriren bi talde, Mutriku eta Getxo.
Pilota partidak 18:00etan  hasiko dira larunbatean. Nagusien eta kadeteen mailako finalak jokatuko dira frontoian, eta ondoren, profesionalen partida izango da, Saralegi-Iturriaga eta Artola-Zabalaren artean. Herriko txapelketari dagokionez, kadeteetan Salaberria-Usandizagak eta Zubizarreta-Azpitartek neurtuko dituzte indarrak. Partida 18 tantora izango da. Nagusien mailan, 22ra, Ojuel-Tabar eta Urretabizkaia-Gorrotxategi egongo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!